
Dozenaka lagun elkartu dira gaur iluntzean Beasainen
Epaiketa politikorik ez! 28ak ere LIBRE goiburuarekin. Hain justu ere, Auzitegi Nazional espainiarrean atzo 28 gazte independentisten aurka hasi zuten epaiketa salatzea zuten asmoa “eta atzetik etorriko direnak bertan behera uzteko eskatzea”.
Atzo, epaiketara agertzea uko egin zioten bost gazte atxilotzeko Loiolako (Azpeitia) giza harresia Ertzaintzak indarrez desegin ondoren, Aske Gunearen bultzatzailek ekintzaren helburua betetzat jo zuten. Euren arabera “salbuespen politikekin eta epaiketekin bukatzeko bide luzean urrats berria” izan zen.
Ehunka lagun bildu ziren Loiolan antifaz eta peto laranjak soinean, eta koloretako pelukak zituztela. Bost auzipetuak zituzten euren artean ezkutaturik. “Guztiak gara gazte auzipetuak, epaiketa hau euskal gazteriaren kontrakoa da”, zioten. Tartean goierritarrak ziren ugari eta Goierriko HITZAri han bizitakoaren eta sentitutakoaren lekukotza eman diote. Biharko HITZAren papereko alean irakurri ahal izango da albistea eta web atarian izango da ikusgai testigantzekin osatutako bideoa.