Ikatza egiten ari dira Lizarrustin. Iaz bezala aurten, Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Lizarrustiko aterpetxea kudeatzen duen Joxe Ramon Agirre Marron-ek txondorra eraiki dute. Igandean piztu zuten, eta aste honetan bezala hurrengoan, pago egurra egosten ariko da, itzali gabe.
Jende ugari gerturatu zen txondorra pizteko ekitaldira. Marronek berak sartu zizkion txingarrak, eta belarrezko tapakia jarri zion ondoren, egosketa has zezan. Zuloak egin zizkion ondoren, txondorrak arnasa har dezan.

Marron txondorra pizten, igandean./Barandiaran Museoa
Urriaren 5era bitartean edukiko dute txondorra sutan, eta egun horretan festa giroan aterako dute egur ikatza. “Ikazkinak igandean lan bikaina egin bazuen ere, oraindik zailena geratzen zaio, txondorra bero-bero mantendu eta itzali ez dadin zaindu”, azaldu du Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak.
Egunotan, taldeentzat bisita gidatuak hartuko dituzte Lizarrustin, ikatz txondorra nolakoa den ikusteko (943 18 03 35; 688 895 069). Bestetik, ikazkintzari eta Aralarko basogintzari buruzko argazki erakusketa ere jarrita dago parketxean.

Argazki erakusketa, ikazkintzari buruz./Barandiaran Museoa