Udazkeneko lehena garaiko produktuekin
Joan zen astearekin alderatuta, ordu berean 6 gradu gutxiago ziren atzo Ordizian (13 gradu 08:00etan). Batzuk jantziz ondo prestatuak etorri baziren ere, bazen arin xamar etorri zenik, eta egonean irauteko justu zen. Laster antzemango zaie hori barazkiei ere. Dagoeneko lore gehienek galdu dute udako poztasun eta lore aldirik handiena, eta hori puntu bat ere ikusten zaie venca delakoei, esate baterako. Aldiz, oraintxe puntu-puntuan dauden aza eta azaki mota ezberdinak; orain artekoei bruselaza gehietu zitzaien atzo (4 euroan kiloa).
Azalora eta brokoli buru gero eta ederragoak ikusten dira, zerba, ziazerba, borraja, porru eta abarren artean. Garai honetako ferien aberastasuna edozein mahaietan nabari da; alegia, udakoak, iraileko eguraldi eguzkitsua lagun, aukeran dira oraindik, eta udazkenekoak, astetik astera ari dira ugaritzen.
Ibarrako meloia eta sandia
Aurten fruitu urtea dela nabarmendu izan dugu. Hala ere, Euskal Herria –eta inguru hau bereziki– ez dugu zenbait fruiturentzat egokiena. Ondorioz, bitxikeriatzat jo daiteke hemengo sandia (2 euroan kiloa) eta bi motako meloiak (zuria eta horia, 3 euroan) ikustearena. «Negutegian etorri dira eta gustuz izugarri onak daude» entzun diogu Arantxa Iparragirreri, parean zuen bezero batek, etxean saiatu izan dela eta ez dituela behin ere lortu zioen bitartean.
Sagarrei dagokionez erreineta zuria hasi da. Sagardotegietakoak ere hasiak dira sagarra biltzen eta datorren sagardotegi denboraldirako prestatzen. Lehendik zegoen sagar dultzeari, irasagar dultzea ere gehitu behar zaio (kiloko 9 euroko proportzioan).
Ezohiko jende asko
Uda pasatu bada ere, atzo ez ohiko jende mugimendua somatu zen Ordiziako plazan. Argazkilari asko zebilen, baita Gipuzkoako Turismoari buruzko erreportaje egileak ere. Eta euskal jatorriko argentinarrekin ere topo egin genuen. Gustura zebiltzan denak, postuz postu egin zitzaien harrerarekin. Feriak, izan ere, asko du emateko, bai behintzat berezoa eta datorrena jasotzeko prest baldin badator.
- Aste honetako prezioak