Ttipi-Etapa egitasmoaren ikasturte berria aurkeztu dute Urretxun
http://youtu.be/WXkx6qanlXw
Urretxu eta Zumarragako udalek eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Ttipi-Etapa egitasmoaren ikasturte berria aurkeztu dute. Proiektu honen helburua adineko jendeak kirola egitea eta hartu-emanak edukitzea da. Horretarako, ibilaldiak antolatzen dituzte.
Urretxu eta Zumarragako udalek eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Ttipi-Etapa egitasmoaren ikasturte berria aurkeztu dute. Proiektu honen helburua adineko jendeak kirola egitea eta hartu-emanak edukitzea da. Horretarako, ibilaldiak antolatzen dituzte.
Aurkezpen ekitaldia atzo goizean izan zen, Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan. Jon Altolagirre Urretxuko Udaleko Gizarte Ekimeneko batzordeburuak, Arantza Gonzalez Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta Tomas Plazaola osasun publikoko eskualdeko arduradunak parte hartu zuten.
Altolagirrek ibilaldiak asteazkenetan izango direla gogoratu zuen. 11:00etan irtengo dira, Areizaga-Kalebarren plazatik, hain zuzen ere. Lehenengoa bihar bertan egingo dute. Urte amaiera arte hamabi irteera egingo dituzte: asteazkenero, abenduaren 24an eta 31n ez ezik.
Plazaolak Ttipi-Etapa egitasmoa elkarlanaren fruitua dela gogoratu zuen. Izan ere, egitasmo honetan Eusko Jaurlaritzak, bi udalek eta bi herrietako elkarteek parte hartzen dute. «Jende guztia inplikatzea beharrezkoa da. Hala, eskertzekoa da bi udalen eta bi herrietako elkarteen inplikazioa. Lau hilean behin elkartzen gara egitasmoa nola doan ikusteko», eman zuen jakitera. Ttipi-Etapak Urretxuko eta Zumarragako kirol zerbitzuen, Aterpe, Gure Txoko eta El Salvador jubilatu elkarteen eta Gueske esperientziaren eskolako ikasle ohien elkartearen babesa du.
Plazaolak parte hartzera animatu zituen Urretxuko eta Zumarragako adineko pertsonak. «Jendeari ariketa fisikoa egiteko deia luzatu nahi diot. Horren bidez, euren osasun mentala eta fisikoa hobetzea lortuko dute», azaldu zuen osasun publikoko eskualdeko arduradunak.
Gonzalez iritzi berekoa da. «Ttipi-Etapa egitasmoan parte hartzen dutenek, paisaiaz gozatzen dute eta lagunak egiten dituzte. Oinez doazen bitartean, aldamenekoarekin hitz egiten, euren minak ahazten dituzte. Gainera, ekimen hau primerakoa da udazkenak sor dezakeen gogogabeziari aurre egiteko. Beraz, jantzi arropa erosoa eta denak ibiltzera!», esan zuen.
Ttipi-Etapako ibilaldiak adin guztikoentzat dira aproposak . Batzuk bidegorri osoa egiten dute (Agiñagako bidegurutzeraino) eta beste batzuk nekatzen diren tokian eseri egiten dira eta eserita itxaroten diete bueltan datozenei. Parte hartzaileek begiraleen laguntza dute, une oro.
Aurrekoan 76 parte hartzaile
Aurreko ikasturteko azken irteera sortan 76 lagunek parte hartu zuten egitasmo honetan, atzo jakinarazi zutenez. Astero 45-50 lagun irten ziren bidegorrira.Orduan ere hamabi irteera egin zituzten eta sei lagunek guztietan parte hartu zuten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.