Euskal ‘skate’-aren oinarria 27 irristalarik jarri dute
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako irristalariak zeuden deituta, larunbatean Lazkaora, nazio mailako lehen skate txapelketara. Batzuetatik ez zen iritsi, baina denera 27 irristalari elkartu ziren. Aurreikusi baino gutxiago izan arren, oinarria jarri du Goierri Roller Skate Elkarte antolatzaileak, kirol mota hori zabalduta eta skaterren erakusleihoa sortuta. Egun osoan 827 ikusle pasa ziren.
Lau adin mailatan bereizita aritu ziren 27 partaideak. Larrietan, 18 urtez goiko sei aritu ziren. Maila handiena eta trikimailu zailenak haiek egin zituzten. Alvaro Perez donostiarrak irabazi du Euskal Herriko I. Skate Txapelketa. Bigarren Alain Okendo donostiarra eta hirugarren Aitor Okendo larrabetzuarra izan dira.
15-18 artekoetan, zazpi lehiakideren artean, Agustin Imaz lazkaotarrak irabazi du; Jon Mallet itsasondoarra eta Beni Laver beasaindarra igo dira podiumera, hirurak Goierriko klubeko kideak.
Nesketan, Lucia Cebrian durangarrak irabazi du, gaztetan.
15 urtez azpikoetan (10 partaide), Hossegorreko (Okzitania) Ayakin Patrinskik irabazi du, Eñaut Garmendia ordiziarra eta Lur Vazquez tolosarra ondoren zituela. Jose Esteban Vargas aramarra eta Iñaki Igartua legazpiarra ere finalera sartu ziren.
Azkenik, 12 urtepeko hiru lagunek erakustaldia egin zuten, eguerdian. Hossegorreko Alexi Moreau (10 urte), Zayon Patrinski eta Unax Navarro lazkaotarrarena maila ona aipatu dute.