Amagandiko Edoskitzearen Astea ospatzen ari dira Beasainen
Jose Briz Manzanares medikuak ankinoglosiaren inguruan eman zuen hitzaldiarekin hasi zen pasa den larunbatean aurtengo Amagandiko Edoskitzearen Astea Beasainen. Irriargi Elkarteak antolatuta, aste honetan zehar ere, hainbat ekintza antolatu dituzte gaiaren inguruan.
Bihar 17:00etan edoskitze tailerra egingo dute Ttiklik elkargunean. Etzi, berriz, hitzaldia emango du Euskadiko Esnearen Ligako Edurne Guerrerok, bularra hartzen duen haurraren loaren inguruan.
Larunbata izango dute egun handia: Amagandiko edoskitzearen festa ospatuko dute Loinazko San Martin plazan. 10:00etan irekiko dituzte postuak, eta ordu erdi geroago argazki erakusketa eta murala jarriko dituzte. 11:00etan hamaiketakoa egingo dute eta aurpegiak margotuko dituzte. 11:30ean jolas kooperatiboak egingo dituzte. Eguneko une esanguratsuenetakoa 12:30ean izango da, orduan egingo baitute bular emate kolektiboa. Eguna amaitzeko, amagandiko edoskitzearen inguruan egin duten argazki lehiaketako lanen sari-ematea egingo dute, egunari amaiera emanez.