Zaldibiako familien eta etxeen berri ematen duen liburua kalean da
Zaldibiaren eta herria osatzen duten herritarren historia osatuago dago. Iztueta kultur elkarteak Zaldibiko familiak liburua argitaratu du, eta bertako 70 sendiren berri eman dute, arbasoak, etxearen informazioa eta gaur egungo informatzaileek kontatutako pasadizo batzuk bilduta.
Aurreko ostegunean aurkeztu zuten lana, Karreane kultur etxean. 1936ko gerraren ondotik gaurdainoko informazioa bildu dute. Lan etnologikoa da gehiago, eta dokumentuen araketan ez dira askorik murgildu, etxearen historia zerbait emateko ez bada. «Historia txikia bildu nahi izan dugu: kontakizunak, etxeko informatzaileek esandakoak, pasadizoak. Giro bat islatu du, bizimodu bat erakusteko da», azaldu du Iztueta elkarteko Malores Etxeberriak.
iztueta.com) aspalditik ari dira Zaldibiari buruzko informazioa pilatzen eta irakurleei eskaintzen. «Webgunekoa liburura pasatu dugu, informazio gehiago emanda. Argazkietako pertsonen izenak bilatzen egundoko lana egin da, adibidez. Lotuta daude bi euskarriak, eta liburua nahiz webgunea osatzen joango gara», gaineratu du Irastortzak.
Etxez etxeko lana
Landa lana deritzona egin duenetako bat Jose Bernardo Garmendia da. Etxerik etxe joan-etorri asko egin ditu, informazioa eskatzen, jasotzen eta informatzaileen kontuak aditzen. Liburua aterata, publikoa asko zabalduko zaio lanari: «Duela 5-6 urte hasi ginen datuak jasotzen, eta orain arte Interneten egon da. Baina konturatzen ginen informatzaile asko edadetuak direla, eta Interneta hotz geratzen da. Kontakizun haiek zertarako ziren galdetzen zuten askok. Paperean ere nahi genuen, zer den ikusteko».
Hala, orain aurrerapen handia emateko itxaropenean daude Iztueta elkartekoak. Bildu dituzten 70 familiaren fitxez gain (normalean liburuak sendi bakoitzari orri bana eskaintzen zaio), «beste hainbeste» egin nahi dituzte datozen bi urteotan, Mila Etxeberriaren arabera. «Ahalik eta gehienera iritsi nahi dugu, eta Jose Bernardori esku bat bota behar diogu. Beste 80 bat familia dauzkagu egiteko oraindik».
Parte hartzeko, familiari buruzko galdetegi zehatz baina erraz bat bete behar da, eta argazki zaharrak utzi.
Zaldibiako etxe bakoitzera liburuki bat banatu du Iztueta elkarteak. 500 ale atera dituzte. Bigarren liburu bat nahi duenak 15 euro ordaindu behar du. Kultur etxean salduko dituzte.
Mila Etxeberriaren esanetan, XX. mende erdiko bizimodua azaltzen da. «Abizen guztiak jaso nahi ditugu: nondik etorri diren, etxeko parajeen izenak, distantzia kalera, noiz berritu zen etxea, maizterrak ziren ala ez… Guk gustora eta pozik egin dugu».
Bospasei urteko lana atera dute liburuan. Azal gogorreko uztaidun karpeta bat da, berez; barruan, fitxak gorde daitezke, nahi erara sartuz eta ateraz. Hala, hazteko bokazioa du oraindik bildumak, eta horretarako prestatuta utzi dute.
«Orain, liburukia atera eta jendeak ikusi ondoren, espero dugu informazio gehiago helaraztea zaldibiarrek», azaldu du Tere Irastortzak. Bi urteren buruan, familia gehiagoren fitxak osatu, orriak inprimatu eta orain liburua eskuratu dutenei banatzea da asmoa (telefonoa hartzen diete, gero haiengana erraz iristeko).
Bederatzi auzotan bereizi dituzte Zaldibiako familiak, eta atal horietxek ditu liburuak. Oraingoz, 70 sendi eta etxebizitza dira.
Hala ere, liburukian atera den informazioa ez da guztiz berria. Elkartearen webgunean (