Kirikoketa
Asteazkenean inauguratu zuten Sagardo Astea Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian. Sagar zanpaketak egin dituzte aurreko bi egunetan, baina asteburuan sagarrarekin eta sagardoarekin lotutako beste hainbat ekintza ere egiten ari dira. Zanpaketez gain, antzezpenak eta kirikoketa ikusteko aukera dago asteburuan. Baita Ezkio-Itsason bertan bildutako sagarren erakusketa ere.
Habe luzeko dolarea erabilita egiten dituzte zanpaketak, XVI. mendeko baserritarren moduan. Igartubeiti bisitatzen dutenek, bertatik bertara ikus dezakete nola kentzen dituzten sagarraren gainean jarritako egur pieza astunak, ondoren sagar zanpatu hori mugitu eta zukua ateratzeko.
Garaiko jantziekin jantzitako bi neskak, gainera, azalpenak ematen dituzte zanpaketek irauten duten bitartean, euskaraz eta gaztelaniaz: baserriaren egitura, sagarraren artzitze prozesua, langileek egin beharreko lana eta abar. Aste egunetan, 11:30ean egiten dituzte zanpaketak. Asteburuan, berriz, 12:00etan eta 17:00etan.
Kirikoketa. Zanpaketekin batera, kirikoketa ikusteko aukera ere badago asteburuan, 12:00etan eta 17:00etan. Arizkungo (Nafarroa) Jo eta Jo taldeko kideek egiten dute kirikoketa. Mazo handi batzuekin txikitzen dute sagarra, eta, bitartean, doinu ederrak sortzen dituzte mazoen erritmoaz baliatuz. Jo eta Jo taldekoek, gainera, eurek kantatzeaz gain, bisitariak ere animatzen dituzte erritmoa eramatera.
Antzezpenak. Antzezpenei dagokienez, Yartu Elkarteko bost kidek baserrian bizi izan ziren Kortabarria familiako kideak antzezten dituzte, orduko bizimodua ezagutzeko. Emakume batek, esaterako, koltxoiak nola egiten ziren erakusten die bisitariei. Beste batek, ogia. Bihar, 11:30ean, 13:00etan, 16:30ean eta 18:00etan izango da antzezpenak ikusteko aukera.