Ataun San Martin probaren historiaz zortzi txirrindulari ohi hizketan ariko dira bihar
Ataun San Martin txirrindulari probarentzat urte seinalatua izan da 2014.a, 50. lasterketa jokatu delako. Hasi zela urte gehiago dira, baina 1961etik 1980ra etenaldia izan zuen. Agauntza kirol elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura 1981ean, eta gaurdaino afizionatu mailako proba izan da.
Ekitaldi-urteurrenaz gain, aldaketa garaia ere badute Agauntza elkartean. Ataungo txirrindularitza probak antolatzen ibili diren Juan Arrondok eta Joxe Mari Mendizabalek langintza hori utziko dute. Agur gisara, eta San Martingo lasterketaren mende erdiko gora-beherak ohoratzeko, proba barrutik ezagutu duten zortzi lagunekin hitzaldia egingo dute.
Zortzi txirrindulari elkartuko dira bihar, 12:00etan, Ataungo Herri Antzokian. Bakarra da gaur egun kirol aktiboan dabilena: Unai Intziarte, San Martingo aurtengo irabazlea, eta 2014ko Espainiako Kopa bereganatu duena.
Joakin Mitxelena, aurkikuntza
Probak historian izan dituen bi aroetako ziklista aipagarriak elkartu nahi izan ditu Arrondok: aldi bakoitzeko lehenengo eta azkeneko irabazleak; eta, tartean, jakina, ataundarrak.
Aurreneko irabazlea topatzea kostatu zaio Arrondori. «1948an eta 1949an Joakin Mitxelenak irabazi zuela aipatzen dute egunkariek. Baina inork ez zuen bere berririk. Oiartzuarra zela ere badiote kronikek, baina Txomin Perurenak-eta ez zekiten zein zen», dio Arrondok.
Urtebete bere bila ibili ondoren, Joakin Mitxelena Oiartzunen bertan bizi dela aurkitu du. «Ziklista garaian Iparraldera alde eginda zegoen; muga legez kanpo zeharkatuta etortzen zen, eta karrera guztiak irabazten zituen Hego Euskal Herrian». Mitxelena, beraz, gonbidatu berezia izango da bihar Ataunen.
Solasaldia Jon Aizpurua kazetariak gidatuko du. Ondoren, 14:30a aldera, Bittor jatetxean bazkaria egingo dute karreretan laguntzen ibili ohi diren 200 bat gonbidatuk. Agur festa ere bada.
Solasaldia
Ataunen, bihar 12:00etan. Hizlariak:
- Joakin Mitxelena. Oiartzuarra, 1948an lehenengo San Martin proba eta 1949an bigarrena irabazi zituen.
- Joxe Urrestarazu. Ataundarra, 1954ko irabazlea.
- Jazinto Urrestarazu. Ataundarra, 1956ko irabazlea.
- Jesus Aranzabal. Bergararra, 1960ko irabazlea, probaren lehen aroko azken karrera.
- Julian Gorospe. Mañariarra, 1981eko irabazlea, proba berriz antolatzen hasitako lehena.
- Jokin Mujika. Itsasondoarra, 1983koa. Emaztea ataundarra duenez, herrikotzat hartu dute.
- Dioni Galparsoro. Ataundarra, 2002ko irabazlea.
- Unai Intziarte. Donostiarra, aurtengo irabazlea.