Behatzetan izandako izozteengatik Zaragozako erietxean da Pedro Garcia mendizalea
Aho zapore gozoarekin itzuli dira Himalaiatik; helburua beteta, mendiaz gozatuta. Pedro Garciak, Xabier Urratek eta Oier Plazaolak urriaren 2an zapaldu zuten Cho Oyuko (8201m) tontorra. Zortzimilako batek izan ditzaken zailtasun eta arrisku guztiak kontuan hartuta, espedizio «borobila» izan dute. Alderdirik txarrena, ordea, ordiziarrak eraman du. Zaragozako ospitalean dago oineko behatzen izozteak sendatzen. Mendizale goierritarrek Goierriko Hitzari kontatu dizkiete Cho Oyuko gailurrean bizitakoak eta sentitutakoak.
Zaragozako ospitalean eta ohetik mugitu gabe eman beharko ditu datozen bizpahiru asteak Pedro Garcia ordiziarrak. Gailurrera abiatu ziren gauean, lehen hogei metroak egiterako nabaritu zuen oinak ez zituela sentitzen. Beherakoan behatzen itsura ikusita okerrena pentsatzen jarri zen. 2010ean Everestetik bueltan izandako izozteengatik eskuko hatzetako hiru behatz-hezur moztu behar izan zizkioten.
Hamar behatzetan ditu izozteak eta oraindik jakiteko garaiz den arren, bi behatz hezur galduko dituela uste du. Egunero sendaketak egiten dizkiote erietxean, zauriak garbitu… Ur berotan sartzen ditu hankak eta oxigenoa ere ematen diote.
Gailurretik beherakoan min izugarria pasa zuela dio: «Taladro bat behatzetan sartuko balidate bezala gogoratzen dut, gogorra izan da». Behin altueratik jaitsita, Nepaleko beroaren kontrasteak ere ez zion batere onik egin. Itzuli eta ospitalera joatea besterik ez zuen buruan. Orain pazientzia beharko duela dio, sendatzea geldoa izaten delako. Egoeraren larritasunaz jakitun den arren, bere berea duen umorea ez du galdu.
Gailurreko zaporeez gozatzen
Tarteka oinak txingurrituta nabaritu eta behatzen batzuk belztuta izan arren, izozterik ez dute izan Urratek eta Plazaolak.
Xabier Urratek aspaldi jarri zituen begiak Himalaian eta Cho Oyuko abenturarekin bete ahal izan du ametsa. Lehen zortzimilakoa izan du eta emozioz gainezka itzuli da etxera. Oier Plazaolarentzat bigarrena izan da, 2008an zapaldu zuen Gasherbrum IIa. Pedro Garciak, berriz, seigarren zortzimilakoa izan du Cho Oyukoa. Lehenago ere bi aldiz izan da mendi berean; bi ahaleginetako batean zapaldu zuen, 2005ean.
Ondo antolatutako entrenamendua egin zuten abuztuaren amaieran Nepalera abiatu aurretik eta mendian nabaritu dute. «Ondo egokitu gara altuerara eta egoera gogorrei ere aurre egiteko moduan aurkitu gara», dio Urratek. Lehen aldia zuten hiruek batera gisa honetako abentura bati aurre egiten ziotela eta talde bezala ezinhobeto ibili direla aitortu dute. «Giro bikaina izan dugu, ondo ulertu gara eta oso ondo egin dugu lan. Mundiala izan da», dio Garciak.
Lehen egunetan, bisarekin hainbat arazo izanda atzerapenarekin hasi zuten espedizioa. Inguruak ezagutzeko aprobetxatu zituzten egunak, baina, ez ziren nahi bezain azkar iritsi oinarrizko kanpalekura. Edonola ere, irailaren amaiera arte ez zen tontorretara joateko moduko girorik izan. Kanpalekuan ziren alemaniar batzuek zuten meterologia informazioari esker urriaren 1ean eta 2an eguraldi oneko tartea izango zutela jakitean, ez zuten bitan pentsatu.
Gaueko hamaiketan abiatu eta goizeko zortzietan iritsi ziren tontorrera. Plazaola lehenbizi, Urrate ondoren eta Garcia azkena. «Hiruok besarkatu ginen unea izugarria izan zen», dio ordiziarrak. Ordu eta erdi inguru eman zuten tontorrean, Everest begi bistan zutela. 2004an Cho Oyun bertan bizia galdu zuen Xabier Ormazabal alpinistari eta orain urtebete zendu zen Urrateren hiloba baten oroimenez, omenalditxoa egin eta bi larrosa jarri zituzten tontorrean.
Argazkiak, besarkadak, malkoak, irriak… eta jaitsiera. Nahi baino gehixeago luzatu zitzaien itzulera, eta hotz handia pasa zuten. Etxetik eta lagunengandik jasotako babes mezuek lagundu zieten indarrak mantentzen. Behin Nepalen zirela pozez ospatu zuten egindako axioa.