Hemen dira mondejuak
Iñaki Erauskin zaldibiarrak 60 urte ditu eta urte asko daramatza dagoeneko harakin lanean. «Etxean beti mondejuak egin ditugu, baina ez zegoen harakinik. Ni izan nintzen lehenengoa. 17 urterekin hasi nintzen. Patxi Iturriotz Zaldibiako harakina baserrira joan zen txerria hiltzera eta bere harategirako mutil bat behar zuela esan zuen. Handik urtebetera erretiratu egin zen eta nik hartu nuen bere harategia», azaldu du.
Ez zuen denbora asko eduki, beraz, maisuarengandik ikasteko. Zorionez, gauza batzuk etxetik ikasita eraman zituen. Mondejuak nola egin, adibidez. «Arruarte baserrikoa naiz eta etxean amak egiten zituen mondejuak. Bere formula erabili dut beti».
Eta zein da formula hori? «Mondejuak egiteak ez dauka sekretu handirik. Lanerako gogoa da behar dena. Arrautza, porrua, seboa, tipula, piperra eta gatza erabiltzen ditugu. Piper berdea eta gorria erabiltzen ditugu. Gorria itxura emateko. Polita egiteko».
Herriko produktuak
Osagai guztiak herrian bertan erosten dituzte, porruak izan ezik. «Porru asko behar da eta kanpotik ere ekartzen ditugu».
Berak ezetz dioen arren, sekretua egon badago: osagai bakoitzaren neurria. «Lehen dena pisatzen genuen, eta orain ontziak erabiltzen ditugu. Osagai bakoitzak bere ontzia du eta hala denbora eta lana aurrezten ditugu».
Garai batean egun baino mondeju gehiago jaten zirela dio. «Harategiak asko jaitsi dira. Hau da garai onena guretzat, baina irabazia lortzeko mondejuak norberak egin behar ditu. Beste batek egindakoak salduz gero, irabazi eskasa lortzen da.
Dagoeneko oso gutxi gara mondejuak egiten ditugun harakinak. Garai batean Goierriko etxe eta baserri gehienetan egiten zituzten mondeju zuriak. Orain sukalde politak daude eta ez dituzte zikindu nahi», esan du.
Eta Goierrin mondeju gutxi egiten badira, Goierritik kanpo zer esanik ez. «Hemendik kanpo oso jende gutxik ezagutzen du produktu hau. Donostiarren bat etortzen bada, beti aita, ama edo amona Goierrikoa duelako da. Zaldibiako Ardiki Eguna beharrezkoa da mondejua hor dagoela erakusteko».