Segura, dantzaren erakusle
Erromeriak aski ezagunak dira Euskal Herri osoan. Herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, jendeak dantza eginez ondo pasatzeko, eta bide batez, euren trebetasuna eta abilezia erakusteko. Aske dantzatzen zuten, eta dantza eginez aske sentitzen ziren. Garai horietan sortu zen soltean aritzeko dantza.
Dantza txapelketek, ordea, bestelako prestakuntza bat eskatzen dute: teknika eta zehaztasun handiz dantzatzen da, eta garrantzia berezia hartu dute azken urteetan hankek eta besoek. Aurten ere, Seguran egingo da Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 38. edizioa, bihar, eta txapela eskuratzeko lehian hamar bikote lehiatuko dira: Gipuzkoako bederatzi eta Bizkaiko bat.
1977. urtean Seguran egin zen lehen aldiz Euskal Herriko Dantza Askatuko edo Solteko Txapelketa. Orduan Guillermo Areizaga Intxausti zen alkatea, eta hura izan zen dantza txapelketaren sortzailea eta sustatzailea. Horrela, Segurako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu zion betirako Seguran ospa zedin dantza txapelketa, bost urtez lehiak izandako ospea eta maila kontuan hartuta.
Izan ere, Bergarako Udalak ere nahi zuen bertan ospa zedin Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Jaurlaritzak, ordea, erabaki zuen Seguran ospatuko zela beti dantza txapelketa. Horrelako ekitaldi bati jarraipena ematea erraza ez bada izan ere, maila bikaina erakutsi dute urtero taula gainean dantzariek.
Izan ere, Gipuzkoan dago errotuta batez ere dantza mota hau: urtean zehar 40 bat lehiaketa izaten dira Gipuzkoako herrietan, bospasei Bizkaian, hiruzpalau Araban, bizpahiru Nafarroan, eta Ipar Euskal Herrian ia batere ez.
Hala eta guztiz eze, Euskal Herriko Dantza Txapelketan Euskal Herri osoko dantzarien ordezkaritza egotea lortu nahi du Segurako Udalak; horretarako, kaptazio kanpaina bat» egin du udalak, Euskal Herriko dantza eskolekin harremanetan jarriz.
Aldaketak urtez urte
Orain arte egindako bidean, gainra, eta urteen joan etorrian, aldaketa ugari izan ditu Euskal Herriko Dantza Txapelketak. Esaterako, hasierako urteetan, txistu doinuz joak izaten ziren fandangoa eta arin-arina; ondoren, ordea, trikitixa eta pandero soinuak sartzea erabaki zuten, trikitixari esker dantzak bizitasun handiagoa eskatzen baitu.
1981. urtetik aurrera fandangoa txistuz eta arin-arina trikiti doinuz dantzatzen dute dantzariek Segurako lehiaketan. Azken urteetan bezala fandangoa Isilkara Txistulari Taldeak joko du eta aurten arina arina Estanga anaia-arrebek joko dute.
Txapelketa egiten den lekua ere aldatu da hasieratik gaur egunera. 1982. urtera arte, Segurako eliza ondoko frontoi irekian egiten zuten dantza txapelketa. 1983. urtetik aurrera, baina, Segurako Baratze Pilotaleku estalian egin ohi da. Dantza txapelketan parte hartu ahal izateko arauak ere, moldatzen joan dira azken urteetan. Hasierako hiru urteetan, bikoteko partaide guztiek hamasei urtetik gora izan behar zuten. 1980. urtetik aurrera, araudia aldatu egin zuten, eta orduan azaltzen da lehen aldiz hamabost urte beteta izan behar dituztela bi bikotekideek.
Azken urteotan, ordea, onartu egin dute bikoteko kide batek hamahiru urte baino gehiago baditu lehiaketan parte hartzea, beti ere, besteak hamabost urte beteta baldin baditu.
Omenaldia Basterretxeari
Euskal Herriko Dantza Txapelketa egiten denez geroztik, urtero urtero Nestor Basterretxeak egindako eskultura jaso dute Segurako Udalaren Sari Nagusia irabazten duen bikoteak. Aurten zendu da Basterretxea, eta Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin izan duen lotura eskertu nahian, udaleko ordezkariek omenaldia egingo diote artistaren senideei eta lagunei.
Basterretxeak egindako saria lehenengo sailkatutako bikoteak ordezkatzen duen udaletxean gordetzen da hurrengo txapelketa egin arte–bikote bakoitzak Euskal Herriko herri bat ordezkatzen du txapelketan; normalean bikoteko kide baten jaioterria izaten da–. Hala ere, bikoteak ordezkatzen duen udaletxeak lortu dezake betirako garaikurra, baldin eta bikote berak hiru urtez jarraian irabazten badu txapelketa, edo bost urtez txandaka hiru aldiz irabazten badu. Orain arte, sei bikotekidek bakarrik lortu dute ohore hori txapelketaren hasieratik. Aurten egindako eskultura izango da Basterreak Euskal Heriko Dantza Txapelketarako egin duen azkena.
Bestalde, 2009an, Segurako Udalak, Basterretxearen zazpi eskultura originalak hartu eta kopiak egin zituen. Eskultura horiek eta txapelketarekin lotutako informazio gehiago Segurako Ardixarra etxean jarriko duten erakusketa iraunkorrean ikusiko ahalko dira.