Hezkidetza egitasmoa lantzen jarraituko dute Ordiziako ikastetxeetan
Gizarte parekideagoa eraikitze bidean, jarraipena emango diote Ordizian hezkidetza egitasmoari. Iazko ikasturtean hasi ziren herriko ikastetxeekin batera egitasmoa lantzen, eta emakumeen eta gizonen berdintasun ikuspegia zabaltzen lagundu duela ikusi dute.
Joan zen ostiralean aurkeztu zuten udaletxeko pleno aretoan programa honen bigarren ikasturtea Edurne Gutierrez berdintasun zinegotziak, Kristina Altuna berdintasun teknikariak eta Ana Elosegi Harremanak enpresako kideak. Haiekin batera, Ordiziako bost hezkuntza zentrotako ordezkariak izan ziren: Begoña Urbistondo (Alotza haur eskola), Rosa Montes (Urdaneta ikastetxeko zuzendaria), Amaia Ayerra (Jakintza Ikastolako zuzendaria), Elena Lopez Cacho (Oianguren institutuko hezkidetza arduraduna) eta Ana Unamuno (Berritzeguneko aholkulari eta ezkidetza arduraduna).
Urte hasieran aurkeztu zuten Ordizian II. Berdintasun Plana 2013-2016 eta horren baitan kokatzen da herriko hezkuntza eragileekin batera lantzen ari diren hezkidetza programa. Egitasmoa integrala da, hezkuntzako alor guztien parte hartzea sustatzen baitu: ikasleak, irakasleak, gurasoak, jangelako eragileak, eskola kiroleko arduradunak… Lau urteren buruan hezkidetza oinarri duen hezkuntza komunitatea sortzea da helburua.
Iazko ikasturtean 627 lagunek hartu zuten parte: ikasleak 512 izan ziren; irakasleak, 46; eta gurasoak, 69. Iaz Haur Hezkuntzako irakasleek jaso zuten formazioa; aurten berriz, Lehen Hezkuntzako irakasleei eskainiko zaie. Pausoz pauso, DBHraino iristea dute asmoa. Iazko memorian oso balorazio ona egin zuten eta Haur Hezkuntzako irakasleen formazioarekin ere jarraitu egingo dute. Aurten gainera, berrikuntza gisa, jangeletako langileekin ere egingo da formazioa.
Trebakuntza jaso ondoren, aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen die Harremanak enpresak ikastetxeei, edozein zalantza edo arazo konpontzen laguntzeko.
Ordiziako Udaleko Berdintasun Sailak eta Harremanak enpresak osatzen dute programa honen talde eragilea, eta bertan, hezkidetza mahaian parte hartzen duten Ordiziako ikastetxe guztiak ari dira lanketa egiten. Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun zuzendaritzak diruz laguntzen du egitasmoa.