Gerriko ikerlan deialdirako izena emateko epea ireki dute Lazkaon
Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak egin dute Gerriko Ikerlan Bekaren deialdia. Bi urtez behin ateratzen dute eskualdeari buruz ikerketa zientifikoak bultzatzeko laguntza-beka deialdia; 17.a da aurten. Ikerlanaren gaia Goierriri eta goierritarrei dagokien «edozein zientzia alorretakoa» izan daiteke. Eskaerak abenduaren 5eko 12:00etarako aurkeztu behar dituzte ikertzaileek: proiektu zehatza bibliografiarekin (15 bat orrialdekoa), eta kartazal itxian ikertzailearen datuak eraman behar dira.
Zientzia gaietan adituak diren pertsonek osatuko dute epaimahaia. Beka bakarra izendatuko dute, 7.000 euroko baliokoa.
Goierri, aztergai
Ikerketa esparrua erabat irekita uzten du Gerrikok, baina ikergaia jakina da: Goierri eta goierritarrak. Gaia herri mailakoa edo eskualde mailakoa izan daiteke. Edozein garaitako aztergaiak onartzen dituzte, baita herriei buruzko monografiak ere.
Lanek euskaraz sortutakoak izan behar dute, «eta ez euskarara itzulitakoak». Originalak eta beste inon argitaratu gabeak behar dute. Beka jaso ondoren, ikertzaileek (bakarka edo taldean ari litezke) urtebeteko epea dute lana bukatzeko eta entregatzeko, 2016ko urtarrilaren atzenera arte.
Bekaren irabazleari liburuan argitaratuko diote ikerlana.
Partaidetza gorantz
Datorren urtean 25 urte beteko dira Gerriko ikerlan deialdiko aurreneko liburua atera zutenetik. Mikel Sarriegik, Andoni Aizpuruk eta Ainhoa Galparsorok egindako lan bana bildu zituzten. Harrezkero, guztira 22 liburuk ikusi dute argia. Hain justu, datorren urtean argitaratuko dute 16. deialdiko beka jaso zuena, Turismo industriala Goierrin (behin-behineko izenburua), Galder Guenaga eta Goizalde Hernando irakasleak burutzen ari direna.
Izan ere, gaur egun unibertsitateko ikasleak eta irakasleak dira Gerriko ikerlan bekara proiektuak aurkeztu ohi dituzten gehienak. «Baina edozeinentzat irekia da. Orain unibertsitatekoak izan ohi dira gehienak, baina lehenago Maizpideko euskara irakasleak, familia giroan ama-alabak… denetik parte hartu izan dute», zehaztu du Joxepa Madariaga koordinatzaileak.
Partaidetzak gora egin du, gainera, azken urteotan. Bi aldaketa izan dira horren eragile: bat, sariketatik bekara igarotzea; bestea, deialdiaren garaia udaberritik udazkenera atzeratzea.
«Beka bihurtu genuenean partaidetzak gora egin zuen. Lehen, bukatutako ikerlanak eskatzen genituen. Bekan, proiektua soilik aurkezten da, eta irabazten ez baduzu ez daukazu zertan landurik», dio Madariagak.
Bestetik, deialdia apirilean egiteak ikasleria-irakasleriaren azterketa garaiarekin eta ikasturte bukaerarekin bat egiten zuen. «Udazkenera pasatu genuen, ikasleak eta irakasleak oraintxe egoten direlako freskoen, lanerako gogoarekin. Aurreko edizioan aldatu genuen garaia, eta antzeman da».
Epaimahaikoen jarraipena
Gerrikok badu ezaugarri bat, gainontzeko ikerketa lehiaketetatik bereizten duena: ikertzaile guztiei ematen dizkiete epaimahaiko adituek aholkuak eta iritziak; eta irabazlearen jarraipena egiten dute beka eman ondorenetik lana bukatu arte, laguntza eta oharrak emanez. «Lan pedagogiko bat egiten da. Elkarlan bat egoten da, harik eta lana bukatzen den arte», dio Madariagak.
Duela bi urteko deialdira bederatzi proiektu aurkeztu zituzten ikertzaileek. Saritu gabekoen berri ere jasotzen dute. Asko tesietako gaiak direnez, azterketa horrek jarraipena izaten du.
Gerriko 17. Ikerlan Bekaren oinarriak