Kutxa banku fundazio bihurtu izana salatu dute Zumarragan
Kutxa banku fundazio izendatu eta biharamunean, Zumarragako bulego baten aurrean protesta ekitaldia egin dute gaur eguerdian hainbat lagunek. Kutxabankek “publikoa eta soziala” izan behar duela aldarrikatu dute, eta Kutxaren administrazio kontseiluak atzo hartutako erabakia gaitzetsi dute.
Kutxak Iparragirre kalean duen egoitza nagusiaren aurrean bildu dira protestariak, Kutxaren pribatizazioari ez, alternatibak daude idatzita zuen pankartarekin. Bankari diru goseen parodia bat antzeztu dute hiru lagunek, eta airera 500 euroko billeteen erreplikak bota dituzte, Kutxabanken logotipoarekin. Horman, Vendido (Saldua) zioen bi kartel ere itsatsi dituzte.
Protestan bildu direnek Kutxabankentzat “control publikoa eta soziala” eskatu dute, “euskal jendartearen zerbitzura lan egin dezan, ez bere bazkide kapitalistei kontuak eman eta mozkinak banatzeko”. Kutxen agintaritza batzordeak desegin izana salatu dute, eta “denon artean sortutako aberastasuna 15 lagunek osatutako patronatuaren esku” geratu dela deitoratu dute. “Lapurreta” horren “bultzatzaileak” EAJ, PP eta PSE direla gaineratu dute.