Bestelako musika-kultura plazaratu du Jazpanak, seigarren aldiz
Asteburuan musika estilo askoren bozgorailu izango da Beasain. Jazpana jaialdiaren seigarren ekitaldia ari dira garatzen, Bernedo-Eneko karpan gune nagusia jarrita. Hala ere, eta iaz hasitako ekinbidearekin jarraituta, kaleko tabernetara ere zabaldu dute zuzeneko musika.
Gaur arratsaldean, bi talderen kontzertuak bertatik bertara entzuteko modua izan da. Lehenengo Illuntze tabernan, eta 18:00etan hasita Koioten, SieteC talde donostiarrarekin. Jazpanaren oihartzuna, eta estilo desberdinetako musika ahalik eta jende gehienarengana iristea lortu dute, hala.
Zazpietatik aurrera, Bernedo-Eneko kontzertu guneak hartuko du, berriz, indarra. Kontzertu sorta indartsua izango da gaur ere, eta talde aipagarriak gonbidatu dituzte. Tartean izango da, esate baterako, Capsula. Jazpanaren lehen edizioan izan ziren, eta orduz geroztik izugarrizko gorakada eduki dute musikaren maldetan. Gogotsu hartu dute beasaindar antolatzaileen gonbita, hala ere, eta Beasainen joko dute gaur.
Nikkin beasaindarra, It’s Not Not bartzelonarrak edo musika kritika oso onak jaso dituen Za! taldeak nabarmen daitezke, bestetik. Horiekin guztiekin batera, gaurko kartela Crazy Young-ek, Buffalok, Beach Beachek, Lasers-ek eta Coco DJ-ak osatukodute.
Jazpana jaialdia atzo (ostirala) hasi zen. Entzule aldetik betekada polita hartu zuen karpak, eta antolatzaileak gustura zeuden gaur.