Legazpiko festa berrienak, kale zaharrenean
Legazpiko Kale Zaharra izenez ezagutzen den karrika (ofizialki Nafarroa Kalea), festan da asteburu honetan. Ez ezer berezirik gertatu delako. Kale historiko horrek “merezi” zuelako, bakar-bakarrik. Izan ere, Legazpiko herri guneko jatorrizko kale zaharrena da. Udalak aurten berritu egin du; harrizko zoru berria kokatu, eta zirkulazioarentzat itxi dute. Oinezkoak soilik ibil daitezke orain -eta baimendutako autoak-. Hori ere ospagai dela eta, astebururako egitaraua antolatu dute kaletarrek.
Gaur eguerdian, jende mordoxka elkartu da, Karibe Zaharra tabernaren aurreko plazatxoan, Kale Zaharrean. Pintxoak banatu dituzte, sagardoz lagunduta. Trikitilarien doinura, otamen gozoa egin dute legazpiarrek.
Legazpiko Kale Zaharra, XVII. mendearen hasieran Euskal Herriko errepide sare nagusiaren zati zen, Baiona-Gasteiz bidean. XIX. mendean Santa Maria izena jarri zioten; 1830eko hamarkadan eraiki zuten Legazpiko bigarren kalea, Kale Berria (Via Nueva azaltzen da agirietan). Ordutik, hain justu, Kale Zaharra deitura erabili dute legazpiarrek kale horrentzat. 1936ko gerraren ondoren, frankisten eta nafar erreketeen omenez, Nafarroa Kalea izendatu zuten.
Gaur egun, hasierako garaietako etxe bakan batzuk bakarrik geratzen dira zutik: Etxaluze, Medikunea, Atxaparrokoa, Santxoneaundi, Santxoneatxiki, Mantxolanea eta Ermentaria.