Zeanuriko Ipiñaburuk irabazi du Euskal Herriko gazta txapelketa, goierritarren artean
Idiazabalen gaur goizean jokatu den Euskal Herriko 39. Artzain Gazta Txapelketa Ipiñaburu gaztandegiak irabazi du. Puy Arrieta eta Jon Etxebarria bikoteak pozik jaso ditu txapela eta kaikua, Izaro alaba besoetan zutela. “Oso pozik gaude. Txapelketa hau oso garrantzitsua da guretzat, herrialde bakoitzeko hamar onenak etortzen direlako eta zaila delako irabaztea. Aurten urte ona izan dugu”, azaldu du Arrietak.
Hego Euskal Herriko 40 gaztagilek parte hartu dute, herrialde bakoitzeko lehiaketetan sailkatutako hamar lehenak. Artzai Gazta Elkarteak antolatu du, Idiazábal gazta ekoizle “txikientzat”. Goiz osoan gazta salmentako postuak eduki dituzte Idiazabalgo plazan. Eguerdian puntuan, goi mendiko larreetatik udazkeneko artalde jaistea ere irudikatu dute. Olaberriko Aizpea gaztandegikoek Urbiatik ekarritako artaldea igaro dute herrigunetik. Hamabi ordu behar izan dituzte ardiak Olaberriaraino eramateko, antzina bezala, oinez.
Euskal Herriko Gazta Txapelketak Goierriko kutsu nabarmena izan du, gaur ere. Batetik, Idiazabalen ospatu da lehiaketa eta festa, hirugarren aldiz (lehen herrialdez herrialde ibili ohi ziren, baina bertan egonkortu da). Bestetik, banatu dituzten lau sarietatik hiru gaztagile goierritarrek jaso dituzte. Ipiñabururen ondoren, bigarren Ordiziako Joseba Intsausti gelditu da, 446 puntu batuta eta irabazlearengatik 3ra bakarrik. Hirugarren postua Olaberriko Aizpeak eskuratu du (416 puntu). Azkenik, publikoak gustukoenari emandako botoen arabera, bozketa herrikoiko onena Illarduiako (Araba) La Leze gaztandegia izan da; Eli Gorrotxategi beasaindarrak jaso du saria.
Ipiñaburukoek udaberrian egindako gazta ketu bat aurkeztu dute, apirilaren 2an egina. “Beti udaberriko gaztagaz etortzen gara”, azaldu du Etxebarriak. “Ardi esnearekin egindako gazta bat da, beti legar naturala ematen diogu, eta bizitasun pixka bat ematen dio horrek beti. Eta ke puntua”, dio Arrietak. Artaldea Gorbean edukitzen dute uda partean; igandean jaitsi zuten behera. Urtean 5.000 edo 6.000 kilo gazta ekoizten dute, eta zuzenean saltzen dute.
Artzai Gazta elkartean artzain “asko” dago, eta gauzak “ondo” egiten ari direla azaldu dute irabazleek. Elkartearen laguntza, teknika arloko aholkularitza eta babesa eskertu dute. “Seguru, ekarri ditugun 40 gaztak oso onak direla”.
“Garrantzitsuak, sariketa denak dira. Hau irabaztea nahi genuen, guretzat oso garrantzitsua delako. Entzunena, agian, Ordiziakoa da, baina garrantzitsuak denak”, zehaztu du Arrietak.
2012an Ordiziako Gazta Lehiaketa irabazi zuten Etxebarria-Arrieta sendikoek. Hain justu, Izaro alaba jaio zen egunean. Gaur, txapela janzten ikusi du.