Hainbat hobari ere onartu ditu udalbatzak, "behar gehien duten herritarrak" aintzat hartuta
Azken urteetan KPIaren araberako igoera soilik aplikatu du udalak zerga eta tasetan; 2013ko abuztutik 2014ko abuztura indizea negatiboa izan denez, 2015erako zergak eta tasak bere horretan uztea erabaki dute. Atzo iluntzean egin zen osoko bilkuran hartu zuten erabakia
Bilduren aldeko botoekin eta EAJren nahiz PSEren abstentzioarekin.
Zerga politika udalak egiten dituen gastuekin lotzeaz gain, udal baliabideak “ordiziarren ongizatea hobetzera” bideratu behar direla azaldu du gaur goizean Igor Eguren alkateak prentsaurrean. Izaro Intsausti eta Belen Maiza zinegotziekin batera atera da komunikabideen aurrera Eguren erabakiaren berri ematera.
Zergen gaineko erabakiak hartzeko garaian
lau irizpide izan ditu kontuan Ordiziako Udalak. Progresibitatea: gehien duenak gehiago ordaindu dezan. Ekitatea: edozein errentak tratamendu bera izan dezan. Arauen aurrean berdintasuna: pribilegiorik gabe. eta Gardentasuna kudeaketa.
EAJ eta PSEko udal taldeetako ordezkariekin bitan bildu dira, urriaren 8an eta 15ean, eta izandako elkarrizketen ondoren atera da aurrera erabakia.
Hobarien politikaren lanketa
Zergak eta tasak ez igotzeko hartutako erabakiaz gain, krisi ekonomikoari ere erreparatu dio Ordiziako Udalak. Hori dela eta, Izaro Intsaustik nabarmendu du hobarien politika landu eta aztertu duela udalak, behar gehien dituzten herritarrak aintzat hartuta. “Hobari batzuk egokitu egin ditugu, eta beste batzuk berriak dira”. 2015ari begira onartutako hobarien berri eman du Intsaustik.
Hondasun higiezinen zerga
Balibaide gutxi duten familiei hobariak aplikatzeko taula berria onartu du udalbatzak. Orain arteko taula termino errealetara eguneratu dute. Horretarako INEk argitaratzen duen pobrezioaren muga hartu dute kontuan. Neurri horrek krisia pairatzen ari diren ordiziarren “argazki errealistago bat” ateratzea ahalbidetzen duela uste du Intsaustik: “Krisia dela eta, herrian dugun egoera ezagutzeko balioko digu”.
- Eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta eta martxan dituzten etxebizitzei %25eko hobaria ezarriko zaie. Urtero baieztatu beharko dute martxan daudela.
- Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza hutsen programan, Ordiziako Udalaren alokairu sozialaren programan eta desjabetutako familientzako etxebizitza alokatzen parte hartzen dutenei %50eko hobaria ezarriko zaie.
- Babes Ofizialeko etxebizitzen jabeei, behin betiko kalifikazio lortzetik lehen 3 urtetan %25eko hobaria aplikatuko zaie. Herrian balio katastralen azterketa egin da, eta ikusi da etxebizitza berri horiek balio katastral handia daukatela, %25eko hobaria aplikatzea onartu da, gainerako herrietan aplikatzen diren hobariak erreferentziatzat hartuz.
- Etxeak eraikitzeko enpresentzako ezarrita dagoen %90eko hobaria, %50era jaitsiko da. Gipuzkoako gainerako herriekin alderatu da eta hobari hau berdintzea erabaki da.
Autoen zerga
Kotxe elektrikoekin hartutako neurriarekin batera, gasarekin dabiltzan autoei, 1989/14 Foru Arauaren 4.5 a) artikulua kontuan hartuta, %30eko hobaria ezarriko zaie.