«Txikiteroek barre egiten zidaten tabernan ikasten ikusten nindutenean»
Valentin Fernandezek (Zumarraga, 1962) orain hamar egun jakin du UHUN Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean Filologia Hispanikoan gradua lortu duela. Fernandezena pertseberantzia, adore, nekaezintasun, pazientzia eta jakin-min istorio bat da.
1980ko hamarkadan Zelai Ariztiko Txoko tabernako ugazaba zinen. Zenbat jira eta bira ordutik, ezta?
Bai. 1985-1995 tartea Txoko tabernan egin nuen. Nire zerbitzarietako bat unibertsitatean sartzeko sarbidea egiten ari zen eta ni ere animatu nintzen. Txikiteroek barre egiten zidaten, liburuak tabernako barran bermatuta, ikasten ikusten nindutenean.
Noiz egin zenuen lehenengo matrikula Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean?
1993-1994 ikasturtean, orain 20 urte! Kudeaketa Informatikan izena eman nuen, baina behin hasita ez zitzaidan batere gustatu; galduta sentitu nintzen aljebra eta algoritmoetan. Bi urteko etenaren ondoren, espedientea lekuz aldatzea eskatu nuen eta zientzietatik letretarako pasabidea egin nuen. 1997-1998 ikasturtean hasi nintzen Filologia Hispanikoa ikasten. Hiru ikasgai hartu nituen lehenengo urte hartan, bitara aurkeztu nintzen eta bakarra gainditu nuen.
Bien bitartean lan egiten al zenuen?
Bai, Urnietako (Gipuzkoa) catering enpresa batean ari nintzen lanean, eta harako bidean trenean ikasten nuen. Frantsesa gainditu nuen eta enbor-ikasgaiak osatzen hasi nintzen.
Garai bateko lizentziak graduak bilakatu dira. Aldaketa horrek harrapatu al zaitu?
Bai, bete-betean. Ni lizentziarekin hasi nintzen eta iaz gradura pasa behar izan nintzen, ahal beste ikasgai baliozkotu nituen eta gradua amaitzeko hamabi ikasgai geratu zitzaizkidan; hori gehi gradu amaierako lana.
Eta horiek guztiak ikasturte bakarrean atera dituzu?
Koordinatzailearen aholkuari jarraitu nion. Horrenbeste hartuta, guztiak ez banitu gainditzen beste aukera bat izango nuen abenduan.
Nola ikasten da urrutitik?
Hainbat tresna dituzu: klase birtualak, sarean zintzilikatzen dituzten dokumentuak, aurretik egin dituzten azterketa guztiak sarean daude. UHUNek Bergaran duen egoitzan presentziazko klaseak ere badaude.
Bereziki erabili al duzu horietako tresnaren bat?
Aurreko azterketak jaitsi eta Excel orri bat egiten nuen. Konturatu nintzen galdera batzuk errepikatu egiten zirela, eta probabilitate kalkuluak egiten nituen.
Funtzionatu al dizu?
Bai.
Nola egiten dira azterketak urrutiko unibertsitatean?
Gure kasuan, Bergarako egoitzan egiten dira, larunbat goizetan. Zure ikasle txartelarekin ikasgelara sartu eta inprimagailuak zuri dagokizun azterketa ateratzen du; ateratzen den heinean, ikusten duzun eran, larritu egiten zara erantzunak ez badakizkizu!
2011n langabezian geratu, eta azeleragailua sakatu zenuen, ezta?
Bai. Ordura arte bi ikasgai ateratzen nituen ikasturteko, hiru asko jota. Langabezian geratu nintzenean matrikula eginda nuen jada eta ezin nuen aldatu. Hori dela eta, euskaltegian izena eman eta EGA atera nuen. Horrez gain, Osakidetzako oposaketa bat egin nuen, administrazio laguntzaile eta jagole lanpostuetarako. Plaza atera ez, baina oposaketa aprobatu nuen! Langabezian bi urte eta bost hilabete egin ondoren, eginda nuen turismo ikastaro bati esker Antioko Interpretazio Zentroko turismo bulegoan lanean nago orain.
Behin gradua aterata zer nahiko zenuke?
Orain irakasle izan nahiko nuke. Nire lan bizitza gustuko zerbaitean amaitu nahiko nuke. Ez nago erretiroari begira, asko daukat egiteko. Bi lagunekin elkartu naiz gainditu beharreko azken ikasgaia ikasteko, bata filologia eslaviarrean lizentziaduna eta bestea filologia frantsesean, biek hispanikoa atera dute, nik bezala. Bi lagun horiek animatu egiten naute, hezkuntzan tokiak aterako direla diote. Lehenengo, dena dela, bigarren hezkuntzan irakasle izateko gaitasun titulua atera behar dut eta gero frantsesari heltzeko asmoa daukat.
Ikasle nekaezina zara.
Etxean bakarrik ikastea ez da gauza erraza, gogorra da. Nik lortu dut antolatzea eta makalaldiei eustea. Inoiz idaztea gustatuko litzaidake, eta musika eskolara ere joango nintzateke, gustura ikasiko nuke gitarra jotzen; zergatik ez?