Mineralogia eta Paleontologia Astea egiten ari dira Urretxun. Erakusketak, tailerrak eta azoka daude aukeran; hori guztia Urrelur museoaren gerizpean.
Urretxuko bihotzaren zati bat harrizkoa da. Ez da, dena dela, edonolako harria. Mineralak, fosilak eta harri bitxiak nahasten baitira Urretxuko bihotzean. Bihotz horren egoitza
Urrelur museoa da. 1987an museoaren ateak ireki zituztenetik Euskal Herriko zein nazioarteko harrien gordailu bihurtu da, eta honezkero 1.000 mineral inguru katalogatuta ditu; fosilak eta harkaitzak ere badaude. Bisitariei museoaren ateak irekitzen dizkiete, bisita gidatuak egiten dituzte eta, urtero, azaro hasieran, museoari lotuta
Mineralogia eta Paleontologia Astea antolatzen du Urretxuko Udalak.
Aurreko astelehenean abiatu zen Mineralogia eta Paleontologia Astea. Urrelur Mineral eta Fosilen museoa astearen arima da. Urretxuko museoan harriek kontatzeko duten guztia entzun daiteke. Harrien edertasun soilaz harago, lurra osatzen duen materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz ere hitz egiten dute mineralek eta fosilek. Hain zuzen, hori da museoak bisitariei eskaini nahi diena: harriei begiratzeko eta entzuteko beste modu bat.
Baina Urrelur museoa ez dago Urretxun zoriak hala erabakita, Urretxu harrietara lotzeko arrazoiak abizen jakin bat dauka:
Aguado sendiarena. Nicasio Aguado zenaren bildumak egiteko zaletasuna da, hain justu, Urrelur museoaren abiapuntua. Javier Aguado semearen hitzetan, «aitak denetariko bildumak egiten zituen. Mineralak gogoko zituen, eta Gabiriako fundizioa saldu zuenean euskal hiriburuetako merkatu txikietara joaten hasi zen». Aguado aita harriekin iritsi zen Urretxura eta bilduma oparoa osatu zuen poliki-poliki. Aguado semearen hitzetan, «aitarena benetako bilduma egile baten istorioa da». Urrelur museoa Aguado familiak Urretxuko herriari egindako doako lagapenaren emaitza da.
Egun, museoko mineralak konposizioaren arabera katalogatuta, eta hamaika taldetan banatuta daude.
1.000 pieza gordetzen ditu museoak. Fosilen atalari dagokionez, bost kontinenteetatik jasotakoak, eta kronologikoki ordenatuta daude. Horrez gain, Urrelur museoko erakusketak harkaitzei eskainitako leku berezia dauka.
Museoak urte osoan zehar jasotzen ditu bisitak. Bisitari gehienak ikasleak diren arren, ez dira museoak hartzen dituen bisitari bakarrak; Urrelurrera elkarteek antolatzen dituzten ibilaldietako talde asko ere joaten dira.
Bisita gidatuak
Artelatza Ingurumen Zerbitzuak enpresako Aitziber Sarasolak gidatzen ditu bisitariak Arantxa Oria kidearekin batera. «Gure lana mineralogia plazaratzea da. Nahiko mundu ezezaguna da. Bisitariei testu liburuetan agertzen ez diren gauza bitxiak kontatzen saiatzen gara», dio Sarasolak. Bisita gidatuak bisitarien eskakizunetara moldatzen dituzte: «Batzuek mineralei buruzko azalpena baino ez dute nahi. Beste batzuek fosilena».
Urrelur museoko gidariek mineralek egunerokoan txertatuta daudela erakusten diete bisitariei. Museoko beira-arasan ezezagun gisan agertzen den grafitoa arkatzaren mina dela kontatzen diete. Edota grafitoa diamantearen anaia dela esaten diete, karbonoa egonkor egiten denean ohikoena baita diamante edo grafito bilakatzea. Gatza, eguneroko elikaduran horrenbeste erabili ohi den elementua, minerala dela gogoratzen diete Urrelur museoko bisitariei.
«Aitak denetarako bildumak egiten zituen; gure aitarena benetako bilduma egile baten istorioa da»
Javier Aguado Goñi (Urrelur museoko aholkularia)
«Museoko bisitariei testu liburuetan agertzen ez direnak kontatzen saiatzen gara bisita gidatuetan»
Aitziber Sarasola (Urrelur museoko gidaria)
«Frontoian kabitzen den beste salerosle egoten da azokan eta jasotzen ditugun eskari guztiei ezin diegu bidea eman»
Miren Castillo (Urretxuko kultur teknikaria)
Mineralogia eta Paleontologia Asteak 27. ekitaldia du aurtengoa. Joan den astelehenean hasiera eman zioten Meatzaritza eta meatzariak erakusketaren irekierarekin. Iñaki Irisarrik sortutako erakusketa Urretxuko udaletxearen sarreran zabalik egongo da igandera bitartean. Olio-lanparak, jantziak, lan-tresnak, dokumentuak… Objektu ugari ikus daitezke bertan, tartean, garai bateko argazkiak ere bai, zeintzuek lur sakoneko ofizioaren gogorra agerian uzten duten. Bisita gidatuak egin daitezke, doan.
Ez da baina, Urretxun egunotan ikus daitekeen erakusketa bakarra. Javier Aguadok Euskal Herriko Mineralak bilduma ikusgai ipini du Juan de Lizarazu aretoan. Aguadok dokumentazio lan zorrotza egin du luzaroan, eta, gutxienez, 5.000 irudi bildu ditu jada. Mineralak argazki bidez dokumentatuta daude eta argazki horien lagin bat ikusgai dago Urretxuko erakusketa aretoan.
Mineralogia eta Paleontologia Astearen gailurra da gaur goizean ireki duten Mineral, Fosil eta Harribitxien azoka. Ederrena pilotalekua salerosketa gune bihurtu dute Euskal Herriko zein nazioarteko bildumagile eta salerosleek. Miren Castillo Urretxuko kultur teknikariaren hitzetan, «frontoian kabitzen den beste salerosle dago, eta jasotzen ditugun eskari guztiei ezin diegu bidea eman». Salerosleak hamaika tokitatik iristen dira Urretxura. Feriaren esentzia da saltzen eta erosten diren harrien %80 naturak eman dituen bezala saldu eta erosi behar direla. Beste %20 bitxiak edo bestelako objektuak izan daitezke, beti ere, mineral, fosil edo harribitxiekin egindakoak.
Asteburuak hartuko dituen beste ekintzak umeei zuzenduta daude. Urrelur mineralogia eta paleontologia parkea ireki dute gaur goizean. Gernikako Arbola plazan kokatutako parkeak harrien unibertsora hurbildu nahi ditu umeak, baita haiekin lotutako jardueretara ere. Aurten, meatzaritza parkea Iparragirre plazan kokatu dute haurrei meategien erraietan murgiltzeko aukera emango dien gunea.
Eta, behin astea amaituta, museoak bere bidea egiten jarraituko du Urretxuko bihotzean.