Zintzela pintzela bihurtua
Zeraingo meategi barrutitik gora joanda dago Oa mendia. Gain ederra da, Aizkorriko mendizerraren erpin batean. Harri lekua izanik —Harripilata ere deitzen zaio—, harrobi eta hargintza lanak garrantzi handia izan zuten, antzina, eremu horretan. Oako harri mota oso estimatua eta erabilia izan zen eraikuntzan. Historiaurretik, esan beharko da; tumulu edo harrespila bat ere badago eta. Josetxo Zufiaurre Goia etnografoak ikusiak ditu hango hargintza aztarnak. «Harri klase bat dago, hareharria, gorrixka. Baina marmolaren antzeko beta bat dauka, ilunagoa. Oso ona da lantzeko, eta polita gelditzen da. Zeraingo elizaren kanpandorrea hango harriarekin eginda dago, eta inguruko herri batzuetakoa ere bai», azaldu du Josetxo Zufiaurrek. Harria egonik, baina, harginak ateratzeko paraje ezin hobea ere izan zen Zerain. Aizpeko auzoko baserri ugarietatik mutil gazte asko joan zen lanbidea ikastera. «Ingurua dena baserriz beteta dago. Han lanean aritzen ziren harginak baserri horietan egongo ziren, apopilo-edo, bat baino gehiago». Haiei segika, eta «familia luzeak» zirenez, neguan batik bat lana gutxitutakoan mutil gazteak Oamendira igotzen ziren, hargintzan ikastera. Bi osagai horiek batuta, Zerainek ospea hartu zuen eraikuntza munduan. «Batetik, harri hori polita zelako; eta, bestetik, hargintzan ikasitako asko zeudelako», dio Zufiaurrek. Harginak esportatu Herrietan elizak berritzeko urrezko aroa XVI. eta XVII. mendeak izan ziren, dirua bazegoelako. Ordura [...]
Zeraingo meategi barrutitik gora joanda dago Oa mendia. Gain ederra da, Aizkorriko mendizerraren erpin batean. Harri lekua izanik —Harripilata ere deitzen zaio—, harrobi eta hargintza lanak garrantzi handia izan zuten, antzina, eremu horretan. Oako harri mota oso estimatua eta erabilia izan zen eraikuntzan. Historiaurretik, esan beharko da; tumulu edo harrespila bat ere badago eta.
Josetxo Zufiaurre Goia etnografoak ikusiak ditu hango hargintza aztarnak. «Harri klase bat dago, hareharria, gorrixka. Baina marmolaren antzeko beta bat dauka, ilunagoa. Oso ona da lantzeko, eta polita gelditzen da. Zeraingo elizaren kanpandorrea hango harriarekin eginda dago, eta inguruko herri batzuetakoa ere bai», azaldu du Josetxo Zufiaurrek.
Harria egonik, baina, harginak ateratzeko paraje ezin hobea ere izan zen Zerain. Aizpeko auzoko baserri ugarietatik mutil gazte asko joan zen lanbidea ikastera. «Ingurua dena baserriz beteta dago. Han lanean aritzen ziren harginak baserri horietan egongo ziren, apopilo-edo, bat baino gehiago». Haiei segika, eta «familia luzeak» zirenez, neguan batik bat lana gutxitutakoan mutil gazteak Oamendira igotzen ziren, hargintzan ikastera.
Bi osagai horiek batuta, Zerainek ospea hartu zuen eraikuntza munduan. «Batetik, harri hori polita zelako; eta, bestetik, hargintzan ikasitako asko zeudelako», dio Zufiaurrek.
Harginak esportatu
Herrietan elizak berritzeko urrezko aroa XVI. eta XVII. mendeak izan ziren, dirua bazegoelako. Ordura arte egurrezkoak izan ohi ziren tenpluak harrizkoak egiten hasi ziren. «Aurrena eliza bera egiten zuten, aretoa. Gero, dirua aurreratzen zutenean, kanpandorrea, sakristia eta halako gauzak, pixkanaka».
Zaragozako probintziako Fuentes de Jiloca herrian ere (Espainia) iritsi zitzaien elizaren kanpandorrea eraikitzeko ordua. Eta Zerainera bidali zuten abisua, «hemengo harginen bat kanpandorrea egitera joan ote zitekeen». Hala, Domingo Goia joan zen, Mantxola Txiki baserrikoa, Oan ikasia.
«Fuentes de Jilocan ari zela, konturatu zen lana zeukala, inguruko herrietako kanpandorreak egiten edo jauregien aurrealdeak dotoretzen. Bizimodua ateratzeko moduko ogibidea zen harginarena. Orduan, etorri, andregaia eraman eta ezkondu egin zen Domingo Goia», gogoratu du Zufiaurrek.
Arte ederren sokan
Eta gertakari hark, honezkero jakina den historia ekarri zuen atzetik: Francisco de Goya margolari ospetsuaren jatorria Zerainen izatearen gakoa Domingo Goia izan zen, hargintzak Zaragoza aldera eramana. Pintorearen herenaitona (aitonaren aitona) zen.
Egia esan, modu batera edo bestera, Francisco de Goya margolariarengaino iritsi zen hargin ofizioaren sena. Domingo Goia zeraindarraren seme batek (Pedro Goia Garikanok) jarraitu zuen lanbidea, aurrena. Zufiaurrek ez du aurkitu hirugarren belaunaldiko katebegia zertara dedikatu zen, Pedro Felipe Goya Sanchezen lanbidea ez duelako aurkitu.
Baina laugarren belaunaldian, Jose Goya Franqué urreztatzailea edo doratzailea izan zen. Margolariaren aita zen. «Arte ederrekin lotutako familia izan zen».
Francisco de Goyak (Fuendetodos, 1746–Bordele, 1828) berak, lehenbizi marrazketa ikasi zuen. «Oraintxe ikusi dut Salamancako herri batean Goyaren marrazkien erakusketa bat. Margolari ona izan zen, eskola sortu zuen; baina marrazkiak ere goi mailakoak ditu».
Oraindik ikus daitezke Oamendin harri potor batzuk, alde bat landuta daukatenak. Maisu lanen krokisak dira, inondik ere.
Oñatiko Unibertsitatea Zeraingo eta Gabiriako harriarekin eraikitakoa da
Oñatiko Unibertsitatearen eraikineko atalaurrea Zeraingo harriarekin dago egina. Pierre Picart-ek 1546an egin zuen etxaurrea. Lehenbizi erdiko atalaurrea altxatu zuten, sarrera nagusiarekin. 1931n monumentu historiko artistiko izendatu zuten.
Oamendiko harriaz gain, Goierriko beste toki batzuetatik ere hornitu zuten harriz Oñatiko unibertsitatea. Gabiriatik, esate baterako, XX. mendean zehar. Eusebio Igartzabalek atera du haien jatorriaren aztarna, unibertsitatera egindako bisita batean «Gabiriako harrobi batekoak» ziren harriez. Antonio aita zenari eta gabiriar edadetuei galdetuta jakin zuen nondik ateratako harriak ziren: «Gorrotxategi etxearenak ziren». Ardantzatik aurrerago zegoen.
Nikolas Alustiza gabiriarrak gogoan du 1935ean nola idi-gurdiz atera zuten harria herriko Baltsalekuraino, eta han kamioian kargatuta eraman zituzten Oñatira. «Gorrotxategi baserritik eraman zituzten. Nik ikusi nituen, eskolan genbiltzan eta», gogoratzen du Alustizak. «Behetik harri oso ona zeukan etxeak: koadratuak, laukizuzenak eta landuak. Horregatik eraman zuten Oñatira. Bekoetxe baserriko gure osaba Jose Gabiriak bota zuen etxea, dinamitaz. Buelta guztian zuloak egin, kartutxoak sartu neurri bateraino, eta poliki-poliki behera bota, harriak puskatu gabe».
Bizi izaten ez zuen inor ezagutu Alustizak han. Mutiloakoa zen Gorrotxategi etxearen jabea; desegin eta harria saldu zuen. «Oñatiko Unibertsitatean daude harri haiek», azaldu du Alustizak ere.