Gabiria 2 taldea Atera txapelketako finalera pasa da
Seguran jokatu zen lehen finalaurrekoa, larunbatean; datorren larunbatean erabakiko da bigarren finalista, Urretxuko Motz tabernan
Aurrez aurre, Gabiria 2 eta Urretxu-Zumarraga 1 jardun ziren Jon Iturrioz gai-jartzailearen esanetara. Urretxuko taldean, Asier Sasieta, Amaia Iturriotz eta Antton Fernandez izan ziren kantuan. Gabiriarrek eman zioten hasiera Segurako historia errepasatzen zuen agur dotore batekin. Ostean, urretxuarrak zirikatzaile jardun ziren agurrean.
Finalaurrekoetan ariketak aldatu egin dira. Lehenik, zortziko handian ofizioka hartu zituzten bertsolariak; zortziko txikian gero eta trikitiaren laguntzaz koplatan binaka jardun ziren. Jarraian etorri zen ariketa bereziena: habanera osatu behar izan zuen taldeko batek beste taldekoak oinak emanda. Bukatze aldera, galde-erantzunen ariketa izan zuten (publikoak eta beste taldekideak zekiten hitz bat asmatu behar izan zuten, Sasietak lehenik eta Asurabarrenak gero). Guantanamera doinuan koplatan amaitu zuten.
Hurrengo larunbatean izango da bigarren finalaurrekoa. Hitzordua Motz tabernan izango da, 23:00tan (aurrez pintxoak izango dira). Bertan, Urretxu 2 (Maialen Akizu, Gorka Ojanguren eta Beñat Torres) eta Ormaiztegi-Urretxu (Iñaki Rezusta “Txaxio”, Beñat Hachen Baren eta Manex Mantxola) izango dira buruz buru.