Nafarroako orburua eta kardoa ekartzen hasi dira; baratxuri freskoak ere ikusi ditugu
Baliarraingo Gorostarzu baserriko Maria Jesus Mujika, baratxuri freskoekin. Argazkia: Lierni Elortza
Eguraldia izan da aste honetako azokako hizpide nagusia, eta ez zen gutxiagorako. Hain eguraldi eguzkitsu eta epelarekin pasatako bi hilabeteek buelta latza izan dute; 08:30ak aldera jotako trumoiak azaroan gaudela adiezari nahian-edo, egundoko burrundara ez ezik, dardara ere sortu zuen.
Goiz ereinez gero, goiz biltzeko aukera izan daiteke; hala gertatu zaie Baliarraingo Gorostarzu baserrikoei baratxuriekin. «Dozena bat buru edo sartu nituen alabak esanda eta eguraldia lagun, gutxi batzuk hemen dira jateko prest» esan zigun Maria Jesus Mujikak. Baratxuri fresko sorta 1 eta 1,20 euro artean zen salgai.
Ereite kontuekin segiz, zenbaitek dagoeneko erein dituzte ilar eta babak. Batzuk negutegi barruan bakarrik, besteek kanpoan ere bai . Axun Etxeberriaren hitzetan, «erneta daude ia 10 bat zentrimetrokoak».
Garaiari dagokionez, gutxitzen ari da leka (3-4 €/Kg), tomatea eta piperra bezalaxe; aldiz sagar errezila ugaritzen ari da, nahiz eta oraindik ederrenak ekartzen ez diren hasi. Pikuak ere ikusi ditugu oraindik eta mizperak jateko puntua hartzen hasiak dira gutxi batzuk, Gabiriako Oñatibia txikikoen postua lekuko.
Onddo ugaritasuna berriz ere deigarri egiten zen atzo, eta erosle asko ere bai inguruan. Onddoa ez ezik, esnegorria, gibelurdina (Ataun inguruan bildua) eta zizahoria ziren atzo aukeran. Usoak ere salgai ba ziren 6 euroanpieza. «Toledon eta Nafarroako Baldorba inguruan ehizatutakoak» direla azaldu zuen Lasak.
Tuteratik ekarritako lehen orburuak.
Tuterako barazkiak plazan
Plaza inguruan jarri ohi dituzten postuetan, Tuterako orburuak eta kardoak ikus zitezkeen atzo. Dozenako saldu ohi dira orburu hauek eta atzo 4,50 eta 5 euro arteko prezioan zeuden, kardoa berriz 3,5 euroan. Hasi besterik ez dira egin, eta aste askotan mantenduko den eskaintza izango da, beti ere, eguraldia lagun dela.
Eta urrutiagotik ekarritako fruitua bada ere esan, Perutik lehen marrubiak salgai zirela 250gr. otartxoetan, 3 euroan.