Alegazio bateratua aurkezteko batzarra deitu dute datorren astearterako, 19:00etan Barrenan
Ordiziako
udalbatzan 2015erako tasak eta zergak ez igotzea onartu ondoren, EAJk neurrien gaineko
iritzia emateko agerraldia egin du gaur goizean. Etxe hutsen gaineko errekargua %50ean mantentzea “Goierriko beste hainbat herriekiko diskriminatzailea” dela salatu du Jose Migel Santamaria bozeramaileak. Errekargu hori aplikatzen ez den herrien artean Beasain, Legorreta, Gabiria, Arama edo Mutiloa aipatu ditu. «Errenterian ere lehen aplikatzen zen, baina kendu egin zuten», esan zuen alkategaiak. 2013ko maiatzean indargabetu zuten Errenterian errekargua; %150ekoa zen.
Iaz Ordizian errekarguaren aurka egin ziren 136 erreklamazioetatik 124 onartu zirela-eta, Santamariaren ustez neurriaren
helburua da “diru gehiago biltzea eta hiritarrei trabak jartzea”. Horregatik, udalbatzak hartutako erabakiaren aurkako alegazio bateratua aurkezteko datorren asteartean,
hilak 11, 19:00etan Barrenan biltzeko deialdia egin die herritarrei.
Osoko bilkura berean Jaurlaritzaren Etxebizitza hutsen programan, Udalaren alokairu sozialaren programan eta desjabetutako familientzako alokatzen parte hartzen dutenei %50eko hobaria ezartzea ere erabaki zen.
Beste hainbat neurri
EAJko bozeramaileak
familia ugarientzako hobariak 2011n galtzear egon zirela ziurtatu du prentsaurrean: “Hauek desagertzeko zorian egon ziren baina familiekin landutako alegazioari esker mantentzea lortu genuen”. Ildo berean, galerak izan dituzten merkatari eta industriei tarifa berezia edo hobarien proposamena aurrera atera ez arren, 2015eko aurrekonturako
laguntza programa bat proposatuko du EAJk.
Azkenik, Santamariak “kezka” agertu du
zabor tasaren izoztearen aurrean: “Beldur gara bat batean igoera handiak planteatzea, are gehiago Sasietan Bilduko ordezkari direnek gaiari buruzko informaziorik ez dutela aitortzen dutenean”.