Ingudekoekin bildu da Beasaingo Udala
Goierriko Enpresen Euskara Batzordea da Ingudea
Beasaingo Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana diseinatu berri du 2014-2017 aldirako. Plan hori egiteko orain artean egindako lanaren balorazioa ere egin du udalak, eta hortik abiatuta, arlo sozioekonomikoan egitasmo berriak jartzera doaz Beasaingo Udaletik. Horiek horrela, gaur egun Goierrin Enpresen Euskara Batzordea osatzen duten Ingudeako kideekin bilera bat egin zuten atzo Beasaingo Udaleko Kultura eta Euskara saileko arduradun politiko eta teknikariek, Beasaingo enpresetan euskara planak sustatzeko.
Bileran, 2015ean Beasaingo enpresetan euskara planak sustatuko dituela azaldu zuen Beasaingo Udalak, eta horretarako, aurrekontuan diru kopuru bat aurreikusiko duela ere azaldu zien. Era berean, aurretik eginkizun horretan ari den Ingudeari laguntza eta aholkularitza eskatu zion.
Bilera Igartzan
Oraindik noiz egingo duten zehaztu ez badute ere, asmo hauen guztien berri emango die Beasaingo Udalak eta Ingudeak Goierriko enpresei laster Igartzako jauregian egingo duten bilkuran.