VII. Mendi Astea egingo dute Beasainen datorren astean zehar
Arrastaka Mendi Taldeak Beasaingo VII Mendi Astea antolatu du, azaroaren 10etik 15era. Programaren barnean lau ikus-entzunezko izango dira, azaroaren 10, 11, 12 eta 13an, arratsaldeko 19:30ean, Udaletxeko areto nagusian. Horrez gain, azaroaren 15ean, larunbata, Beasaingo rokodromoan eskalada egiteko aukera izango da. Arrastaka Mendi Taldearekin batera, antolakuntzan gonbidatu modura arituko dira Joxe Ramon Agirre (Marron), Fidel Mendia eta Pedro Garcia, Oier Plazaola eta Xabier Urrate.
Mendi Astearen lehenengo ekitaldia azaroaren 10ean izango da, astelehenean, eta Arrastaka Mendi Taldeak ‘Ekintzaz betetako urte bat’ ikusentzunezkoa aurkeztuko du. Mendiko segurtasunaren inguruan egindako ikastaroak eta urtean zehar igotako mendiak agertuko dira: Euskal Herrian, Pirinioetan edo Picos de Europan.
Asteartean, azaroaren 11n, Joxe Ramon Agirrek (Marron) Aire-airean izeneko ikusentzunezkoa aurkeztuko du, eta 40 minututan Pirinioetan eta Himalaian izandako esperientziak azalduko ditu. Ardatza Pakistanen Broak Peak-era (8.047 m) egindako igoera izango da, eta bereziki parapentez egin zuen jaitsiera. “Hankak airean jarri, eta 25 minutuko hegaldi zoragarri bat egin nuen, glaziar eta belardi ikusgarrien artean… ametsetako paisaia bat”.
Asteazkenean, hilaren 12an, Fidel Mendiak “Esquí extremo en el Pirineo” lana aurkeztuko dugu. Fidel Mendia iruindarra da, eta 80etako hamarkadaren azken urteetan hasita espedizio interesgarriak egin ditu, Yosemiten, Alpeetan, Kaukason eta Himalaian. Argizkigintzarako ere zaletasun handia du, eta 1996. urtetik hona sari ugari irabazi ditu. Azken urteetan muturreko eskia edo free rider landu du bereziki, eta nabarmentzeko moduko ekintzak osatu ditu: Sobe mendia ipar aldetik jaistea, Soques mendiaren ipar mendebaldeko jaitsiera, edo Arroyeras mendiaren ekialdekoa. Ikusentzunezkoak bi zati izango ditu. Lehenengoan, Culivillas-Arroyeras zirkoan (Tena bailara) egindako 7 jaitsiera kontatuko dizkigu, eta horrelako jaitsiera zail eta arriskutsuak egiteko zer baldintza eta teknika behar diren. Bigarren zatian, Fidelek eta bere lagunek 08/09 denboraldian muturreko eskian egin zituzten jaitsierarik onenak agertuko dizkigute, bideo erakargarri baten bidez.
Ostegunean, hilaren 13an, Pedro Garcia, Oier Plazaola eta Xabier Urratek beren lana aurkeztuko digute, “Cho Oyu, Jainkosa Turkesa”. Ikusentzunezko honen bidez Cho Oyura (8.201 m) egin berria duten espedizioren agertuko digute. Cho Oyu-k “Jainkosa Turkesa” esan nahi du tibetarrez, eta Tibet eta Nepalen arteko mugan kokatua dago. Himalayan, Everest menditik 30 km ingurura dago, mendebaldera, eta munduko seigarren mendirik garaiena da. “Igoera zaila izan zen, eta izugarrizko hotza pasa behar izan genuen, bereziki oxigenorik erabili ez genuelako”.
Azkenik, azaroaren 15ean, larunbata, eta Beasaingo Mendi Astea amaitzeko, Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien eguna izango da, eta haurrek nahiz helduek eskalada probatzeko aukera izango dute, goizean 10etatik 14etara, eta arratsaldean 16etatik 19:30era; kirol honetara hurbiltzeko eta nolakoa den ezagutzeko aukera paregabea.
Arrastaka Mendi taldekoek Mendi Astea “udazkeneko ‘klasiko” bihurtu nahi dute, eta goierritar guztiei dei egiten diete, Beasaingo VII. Mendi Asteak eskaintzen dituen ekintza hauetara etor daitezen.