Baloiaren atzetik, Donostiatik Ordiziara
Haurra zenetik izan du Sarah Ugartek (Donostia, 1986) baloiarekiko afizioa. Ahizpa bikiarekin batera, 13 urterekin hasi zen areto futbolean jokatzen, eta hainbat talde pasa ditu ordutik. «Amak kontatzen digu txikitan aitak soinekoak kendu eta baloia ematen zigula». Ordiziako Estanda taldean jokatzen du orain, eta urriaren 25eko jardunaldian bosteko idealerako aukeratu zuten. Izan ere, Ugartek hiru gol sartu zituen Gironella FS talde kataluiniarraren aurkako partidan.
Jardunaldiro argitaratzen dira www.futbol5sala.wiz.com webgunean ongien aritu diren bost jokalariak, eta Twitterreko kontura ere igotzen dute aukeratutako boskotea. «Lagun batek esan zidan aukeratu nindutela, Twitterren ikusi zuelako, baina zuzenean ez zidan inork jakinarazi», esan du Ugartek.
Izendapenak ez du balio sinbolikoa besterik, baina Ugartek poz handiz jaso zuen berria. «Oso zaila da aukeratua izatea, eta oso urrun ikusten nuen; ez nuen espero», adierazi du. Bosteko idealerako aukeratutako jokalari bakarra da Estanda Ordizian.
Talde askotan jokatua
Iazko denboraldian hasi zen Ugarte Estandan. Lehendik, ordea, talde askotan jokatua da. Ahizpa bikiarekin batera, Altzakoak taldean hasi zen haurra zela. Geroztik, Gipuzkoako UPV taldean, Goierrin, Tolosako Hegoalden eta Iruñan ere jokatu du, ohorezko mailan.
Sei urte egin zituen Iruñako taldean, baina haraino joateaz nekatuta, taldea uztea erabaki zuen 2012an. «Urtebetez egon nintzen jokatu gabe, nekatuta nengoen». Estandako jokalariek, ordea, jokatzeari utzi ziola jakin bezain laster deitu zioten. «Selekziotik ezagutzen nituen Ordiziakoak, eta eurekin jokatzeko deitu zidaten».
«Ez nuen espero bosteko idealerako aukeratzea; oso zaila da eta urrun ikusten nuen» «Gure maila berean jokatzen duten gizonezkoek kobratu egiten dute, baina guk ez» Sarah Ugarte (Areto futbolaria)Baiezkoa eman zuen Ugartek, eta iazko denboraldian hasi zen Estandan. Horrela, ohorezko mailara igo zen taldearen parte izan da. «Oso hunkigarria izan zen, taldekide askok urteak baitzeramatzaten igotzeko ahaleginetan». Gustura dago Ugarte Ordizian. «Taldeko giroa oso ona da». Dena den, ohorezko mailara igo zirenetik exigentzia maila ere igo egin dela nabaritu du. «Ea mailari eustea lortzen dugun, oso zaila baita». Emakumeak baztertuta Duela bi hilabetetik, Ordizian bertan bizi da Ugarte, bertan aurkitu baitu lana. Izan ere, Estanda Ordiziako jokalariek ez dute kobratzen, eta beste nolabait atera behar dute bizimodua aurrera. Ugarteren esanetan, handia da gizonezkoekiko aldea: «Gure maila berean dauden gizonezkoek kobratu egiten dute, eta asko gainera». Emakumezkoetan, ordea, Espainiako bizpahiru taldek baino ez dute kobratzen, eta gizonezkoek baino dezente gutxiago. «Areto futbola ez da kirol ezaguna, eta emakumezkoena are gutxiago; apur bat baztertuta gaude», esan du Ugartek. «Dena den, hori dagoeneko barneratuta eta nolabait onartuta dugu». Hortaz, afizioa da astero partidak jokatzera bultzatzen dituztena, ez besterik. Astean sei orduz entrenatzen dute Ordiziako Majori kiroldegian Estandako neskek. Astebururo, berriz, partidak izaten dituzte. Asteburu honetan Majorin bertan jokatuko dute. «Ea jendea ikustera etortzen den!».