Beasaingo Olano harategikoak odolkirik onenak
Guztira 16 parte hartzaile izan dira Odolkiaren Kofradiak hogeita hamargarrenez antolatu duen lehiaketan
Gipuzkoa osoko odolkigileak bildu ditu gaur goizean Beasainen jokatu den odolki lehiaketak. Odolkiaren Kofradiak hogeita hamargarrenez antolatu du lehiaketa eta herritar ugari inguratu da lehiaketa gertutik jarraitzez gain odolki pintxoak dastatzera.
Epaimahaiak hala erabakita, Beasaingo Santa Maria kaleko Olano harategikoen odolkiari eman diote onenaren izendapena. Koldo Agirre Beasaingo alkatearen eskutik jaso dute garaikurra eta diru saria Isabel Imazek, Jose Manuel Olanok eta Loinaz Usabiagak, odolkiaren errege-erregina berriek.
Olano harategiko familiak bigarren aldiz jarraian jaso du izendapena, iaz ere garaile izan zirelako. Lehiaketa egiten denetik, berriz, irabazle atera diren bederatzigarren aldia izan da gaurkoa. Sekretua “ahal den produkturik onena” erabiltzea dela aitortu du Jose Manuel Olanok: “Ahalik eta goxoenak egiten ditugu eta ia urte askotako esperientzia ere badugu, ez dago besterik”. Sariarekin pozez gainezka zegoen Loinaz Usabiaga ere, “urte osoko lanaren ordaina” dela aitortu du kazetari aurrean. Bere anaia Luis Usabiaga aritzen da odolkiak egiten.
Opari berezia. Saria behin baino gehiagotan jaso duten arren “ilusio berezia” egin dio aurtengoa eramateak Isabel Imazi. Semeak eta errainak egiten duten lanarekin “oso gustura” agertu da Isabel. “Ni ia erretiratua nago aspaldian baina indartsu daramate harategia. Ateratzen naizen bakoitzean sariak jasotzeko da, lan polita hartu dut zahartzaroan”. Erabiltzen dituzten elikagaiak hobetzen joan diren arren, oinarrian dagoen bere errezeta dela zioen Isabelek, bere ama Ageda eta amaginarreba Mari Luisarengandik jasoa.Beasaindarrak lehen hiru sailkatuak Guztira Gipuzkoa osotik iritsitako 16 parte hartzaile izan dira lehiaketan; horietatik 8 aukeratu ditu epaimahaiak lehen itzuli batean. Beasaingo hiru, Ormaiztegiko bat, Ezkio-Itsasoko bat, Tolosako bat, Lasarteko bat eta Legazpiko beste bat zeuden sailkatuen artean. Azkenean, Olanokoen ondoren, Julian Mujika izan da bigarren; eta Iñaki Zubeldia, hirugarren. Aurtengo lehiaketan hutsune nabarmena utzi duen Jose Ramon Apalategi Txiflo kofrade nagusi izandakoa gogoan izan dute; sari banaketa baino lehen txalo zaparrada beroa eskaini diote.


















