Ehunka lagun joan dira Goierritik Zurriolara erabakitzeko eskubidearen aldeko mosaikora
Motz gelditu da 560 laguneko aurreikuspena bailaran
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak hasiera batean 5.000 lagun biltzeko erronka bota zuen arren, 10.000 lagunek emana zuten izena gaur goizean Donostiako Zurriola hondartzan osatu duten mosaiko erraldoian parte hartzeko. Goierritik gutxienez 560 lagun joateko aurreikuspena ere txiki gelditu da, ehunka izan baitira aldez aurretik izena eman gabe ere goizean goiz Donostiara gerturatu direnak. Antolatzaileek txartela eskuratuta izan edo ez, bertara joateko deialdi zabala egin dute “herri mobilizazio polita” osatzeko aukera ikusita.
Goizeko hamarretatik aurrera milaka lagun Kursaalaren aldamenean prest zeuden antolatzaileen irizpideen arabera mosaikoan kokatzeko. Izan den jendetzagatik bakoitza bere lekura iristea kosta bada ere, eguerdia pasata osatu dituzte euskaldunen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko mosaiko ikusgarriak; Eskozia eta Kataluniari ere egin diete keinu. Zalantzarik gabe irudi ederrak utzi ditu Gure Esku Dagoren egitasmoak.
Angel Oiarbide Gure Esku Dago egitasmoko kideak amaieran azadu duenez “erabakitzeko eskubideak batu ditu herritarrak”. Gustura agertu da idiazabaldarra ekintzak izan duen arrakastarekin eta bertaratutako guztiak zoriondu ditu: “Eszenatoki normala lortzeko bidean pauso denak dira garrantzitsuak: Etxarrin, giza katean, Arrankudiagan eta gaur Zurriolan eman dira urratsak. Gaurkoa ere ikaragarria izan da. Eskerrik asko denoi!”.