El Salvadorreko emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak aztergai Ordizian
Gipuzkoan emakumeen ahalduntzean, eskubideen sustatzean eta indarkeria ekiditzeko egitasmoen gaineko azterketa ere egingo da Barrenan egingo den mahainguruan
Bakerako Lankidetza Batzarrak El Salvadorren azken hilabeteetan egin duen nazioarteko lankidetzaren baitan, mahaingurua eta dokumental baten emanaldia antolatu dira Ordizian. Hain justu ere, Ordiziako Udalak diruz lagundu duen egitasmoa da, El Salvadorreko Santa Tecla udalerriko emakumeen sexu eta ugalketa oinarrizko zerbitzuen hobetzea lortu asmo duena.
Datorren asteazkenean, azaroaren 12an, izango da mahaingurua Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusian, 18:30ean. El Salvadorreko emakumeen egoeraz eta azken urteetan gertatu diren kasu larriez hitz egiteaz gain, solasaldian Gipuzkoan lantzen ari den emakumeen ahalduntze, eskubideen sustatze eta indarkeria ekiditeko egitasmoei errepasoa ere emango zaie.
Hiru emakumek hartuko dute parte mahainguruan. Ale batetik, Ana MurciaGaraipen taldeko kidea eta ahalduntze feministan aditua; Anna Rispa, bestetik, El Salvadorren BLBk garatu duen proiektuaren arduratuna; eta Belen Maiza, Ordiziako udaletxean kultura eta ongizate zinegotzia, hirugarrenik.
Mahainguruaren ondoren, El Salvador: Sorkundearen lehen unetik dokumentalaren emanaldia izango da, 2013. urtean Maria Cilleros zinegileak zuzendutakoa. Pelikulan abortuaren gainean hitz egiten da, 1998tik El Salvadorren zigortua dagoena. Ertamerikako herrialde honetan klandestinoki abortatu behar izaten duten emakumeen eta zeregin horretan laguntzen dietenen testigantzak jasotzen dira bertan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.