Erlezaintza ekologikoaren ikastaroa emango dute Zaldibian
Gipuzkoako Erlezain Elkarteak eta Biolur elkarteak erlezaintza ekologikoaren jardunaldia antolatu dute, larunbaterako. Zaldibiako Goizane eraikinean izango da ikastaroa, egun guztian: goizean 10:30etik 13:30era, eta bertan bazkaldu ondoren, 15:00etatik 18:00etara da arratsaldeko saioa.
Jaume Cambra kataluniarra gonbidatuko dute jardunaldian azalpenak emateko. Erlezaintza ekologikoa lantzen du Cambrak. Botanika irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean. Gaztelaniaz ariko da.
Lau ataletan banatuko du ikastaroa. Apikultura ekologikoaren araudia eta garapena esplikatuko du lehenengo. Erleak nola maneiatu azalduko du gero. Barroa kontrola, eta erlezaintza ekologikoaren merkatua eta merkaturatze bideak jorratuko ditu, azken bi ataletan. Bukaeran, partaideen zalantzak eta galderak ere argituko ditu.
Ikastaroa doan da, baina bazkaltzeko (Goizaneko Kixkurre tabernan menua) bakoitzak 11 euro jarri behar du. Izena emateko azkeneko eguna gaur da (azaroak 11): 690 88 64 88 edo erleak@erleakgipuzkoa.org.

Erlezainak, erlauntzatik abaraskak ateratzen./Gotzon Aranburu










