Europako 200 musikari gazte baino gehiago Legazpira etorriko dira Donostia 2016ren eskutik
Donostia 2016k XII. Europako Musikari Gazteen Jaialdia antolatuko du datorren urtean eta egoitzetako bat Legazpi izango da. Europa osotik etorritako 200 musikari baino gehiagok herriko musikariekin joko dute maiatzaren 6an eta 7an. Helburua herrialdeen arteko harremana sendotzea da.
Legazpiko Udalak eta Donostiako musika eskolak gaur sinatu zuten lankidetza hitzarmena, Legazpiko udaletxeko areto nagusian. Ekitaldian, Mikel Mate Donostiako musika eta dantza eskolako kudeatzaileak, Kepa Urtzelai alkateak, Rakel Puente Kultura zinegotziak, Aitor Madina musika eskolako zuzendariak, Jesus Castillejo bandako zuzendari eta irakasleak eta Arantxa Rodriguez irakasleak parte hartu dute.
Matek eman du Europako Musikari Gazteen Jaialdiaren berri. «Europatik 10.000 musikari etorriko dira Euskal Herri osora. Inaugurazio eta itxiera ekitaldiak Donostian egingo ditugu, baina 10.000 musikari horiek gure herrietako gazteekin jotzea nahi dugu. Helburua musika eskolen arteko lankidetza indartzea eta eskoletan egiten den lana goraipatzea da. Dena den, herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Izan ere, denok dakigu abesten edo danborra jotzen. Herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditut», esan du Donostiako musika eskolako zuzendariak. Bi egun horietan 400 kontzertu baino gehiago egingo dira Euskal Herri osoan.