Garaipen garrantzitsua lortu du Ampo Ordiziak Vigon
Goierritarrek 10-22 irabazi zuten Vigo RCren aurka.
Joan zen jardunaldian Hermi El Salvadorren aurka irabazi ondoren, garaipen hura ez zela kasualitatea erakutsi du Ampo Ordiziak. Partida garrantzitsua irabazi zuten atzo Vigoko Blusens Unibertsitatearen aurka (10-22); jokalariak animoz gainezka itzuli dira.
Haize zakarra, euri zaparrada indartsuak eta behe lainoa, eguraldia ez zen atseginena zelairatzeko. Lehen lerroa ia berria zen joan zen astekoarekin alderatuz, Jaun Perez baja izan zen eta Vaugan Lomax ere aulkian zegoen. Mikel Garcia eta Ekaitz Sadabak aprobetxatu zuten aukera galiziarren lehen lerro indartsuaren aurrean. Meleetan parekatuta ibili ziren bi taldeak; toucheak, berriz, ezinezko ziren haize zakarrarekin.
Lehen zatiaren amaieran 0 eta 12koa erakusten zuen Lagoas Marcosendeko zelaiko markagailuak. Defentsan zorrotz aritu ziren goierritarrak; eta Asier Korta eta Phil Huxfordek lortutako entseguekin eta Danny Krollen transformazioarekin pilatu zituzten puntuak. Santos Regil eta Aratz Gallastegik pixkanaka abantaila areagotzea lortu zuten 0 eta 22 arte. Partidaren amaieran galiziarrek aho zapore txarrarekin gelditu nahi ez eta erasoari ekin zioten. Ordiziarrak ahalegindu ziren erasoei eusten baina bitan gainditu zieten galiziarrek 10 eta 22koa lortu arte.
Atzoko norgehiagoka berezia izan zen Ander Alberdi lehen lerroarentzat, Ohorezko Mailan estreinekoz aritu zen.
Garaipenarekin sailkapeneko zortzigarren postuari eusten dio Ampo Ordiziak, 17 punturekin. Hurrengo norgehiagoka hilaren 30ean jokatuko dute Hernaniren aurka Landare-tokin 12:00etan.