Paleta larruzko modalitatean, goren mailako txapelketa antolatu dute Olaberriko pilotariek. Azaroaren 23an (igande honetan) hasiko da, final-laurdenekin. Ondoren, azaroaren 30ean finalaurrekoa, eta abenduaren 7an finala izango dira. Olaberriko udal pilotalekuan jokatuko dira partidak, jaialdi guztiak 11:00etan hasita. Herriko haurrek eta Goierriko palari gehiagok erakustaldi-partidak jokatuko dituzte.
Irailean Mexikon munduko txapeldun izan zen bikotea Olaberrian ariko da, beste bikotekide batzuekin. Bartzelonan bizi den Emiliano Skufca argentinarra da izar handiena, mundu mailan erreferentea dena. Zuzenean finalean jokatzeko gonbidatu dute; Eneko Martinez gasteiztarrarekin osatuko du bikoa. Beste txapelduna Ruben Aiarra iruindarra da. Iñigo Ansorekin jokatuko du, nafarra hori ere.
Goierritar palariak ere lehiatuko dira. Azeari Andonegi lazkaotarrak eta Garikoitz Arrieta olaberritarrak bikotea osatuko dute.
Goi mailako txapelketa denez, partida “ikusgarriak” izango direla ziurtatu dute antolatzaileek. Jendeari ikustera joateko gonbita zabaldu diete.
Andonegi, Garrido, Berasategi eta Arrieta, atzo, eliteko pala txapelketa aurkezten, Olaberrian./Aimar Maiz
Azaroak 23, igandea
- Final-laurdenak. Lehenengo: Ibon Eskisabel (Errenteria)-Tibur Etxeberria (Orio) / Alain Vega-Unai Vega (Bilbo).
Ondoren: Ruben Aiarra-Iñigo Anso (Iruñea) / Garikoitz Arrieta (Olaberria)-Azeari Andonegi (Lazkao).
Azaroak 30, igandea
- Finalaurrekoa. Aurreko igandeko irabazleekin.
- Olaberriko haurrak. Itoitz Urkiola-Xabier Naldaiz / Mikel Etxezarreta-Iker Garrido.
Abenduak 7, igandea
- Finala. Eneko Martinez (Gasteiz)-Emiliano Skufca (Argentina) / finalaurreko bikote irabazlea.
- Erakustaldia. Beñat Ibarguren (Lazkao)-Zuhaitz Letamendia (Olaberria) / Xabier Ibarguren (Lazkao)-Imanol Olaran (Olaberria).