Tobera musika eskolaren emanaldiak izango dira datozen egunetan
Bihar Seguran eta etzi Zegaman eskainiko dituzte kontzertuak, 18:30ean
Asteburuan Santa Zezilia eguna dela eta, Tobera musika eskolak bi kontzertu antolatu ditu datozen egunetarako. Ikasleak izango dira protagonistak, eta bakarka zein taldeka joko dituzte instrumentuak. Bihar, Segurako Botikaxahar kulturgunean egingo dute emanaldia, 18:30ean. Etzi, berriz, Zegamako Aitxuri herri eskolako patioan, ordu berean.
Bi emanaldiotan euskal kantei omenaldia egin nahi izan die Toberak. Hori dela eta, kanta gehienak euskaldunak izango dira. Txistua, gitarra, trikitia, pianoa eta beste hainbat instrumentu joko dituzte ikasleek.













