Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbiok abestuko dute .Saioa gaur bertan izango da, 22:00etan, Latxartegi aretoan .Gai jartzaile lanetan Asier Iriondo ariko da
Hitzaren 5. urtemugan ere bertso saioa egin zuten Legazpin
Legazpiko Bertso Olariak elkarteak bertso saioa antolatzen du udazkenero eta aurtengoak Goierriko Hitzaren 10. urteurrena ospatzeko balioko du. Saioa gaur bertan izango da, 22:00etan Latxartegi aretoan, eta Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio bertsolariek abestuko dute. Gai jartzaile lanetan Asier Iriondo legazpiarra ariko da.
Iriondok ariketa klasikoak eta gaurkotasunarekin lotura duten gaiak prestatu dituela esan du. «Hitzaren 10. urteurreneko saioa izanik, horri buruz ere abestu beharko dute pare bat aldiz. Saioak ordubete inguruko iraupena izango du», aurreratu du gai jartzaileak.
Legazpiarrak urte asko daramatza bertso munduan eta gaur abestuko duten bertsolari guztiei jarri dizkie gaiak noiz edo noiz. Ondo ezagutzen ditu lauak. «Iturriaga berritzailea izan da. Bere mezuak ezberdinak dira beti. Lizasori dagokionez, mezu sendoko bertsolaria da. Denok pentsatzen duguna modu sendoan esaten asmatu du. Onintza, berriz, bertsolari freskoa da. Bukatzeko, Maialenek hiruetatik du zer edo zer: sendoa, freskoa eta berritzailea da».
Bertso Olariak elkarteko kide guztien artean aukeratu dute zein bertsolari ekarri. «Demokratikoki aukeratzen ditugu bertsolariak. Horretarako, gure bilerak eta Whatsappa erabiltzen ditugu. Denon gustukoak ekartzen ditugu. Azken urteotan elitekoak etorri dira, txapelketetan oso ondo dabiltzanak».
Bertso Olariak eskolakoek Hitzaren bosgarren urteurrena ere ospatu zuten. Orduko hartan, bertsolari goierritarrez osatutako saioa antolatu zuten. Aitzol Barandiaran ataundarrak, Iñaki Murua gabiriarrak, Aitor Sarriegi beasaindarrak eta Iker Zubeldia zegamarrak parte hartu zuten.
Azaroko saioa ez da urtean zehar antolatzen duten bakarra. Otsailean bertso afari bat egiten dute, Legazpiko jaietan eurek abesten dute, Agorreko Santikutzetan bi bertsolari ekartzen dituzte eta herriko ekimen ezberdinetan parte hartzen dute. «Deitzen gaituzten guztietan, abestu egiten dugu: Korrikan, Gabonetan…», esan du Nerea Elustondo bertsolariak.
Egun, hiru talde dituzte: bi haurrenak eta bat helduena. Guztira, 20 bat lagun dira. «Kopurua nahiko egonkor mantendu da azken urteotan. Ez dugu gorabehera handirik izan. Herrian bertsolaritza suspertu dugula esango nuke. Modan dago, hasi ginenean baino gehiago».
15 urte bertsotan
2000. urte hasieran eman zituzten lehen pausoak. Aurki taldeak 15 urte beteko ditu, beraz. Ez dakite oraindik ekitaldiren bat antolatuko duten ospatzeko, baina Hitza ez da zoriontzeaz ahaztuko, noski.