Ipar Euskal Herriko ikastolek, bereziki Ziburukoak bizi duten egoera kontuan hartuz, laguntza deia zabaldu zuen Seaskak, eta
Hernaniko eta Ordiziako errugbi elkarteek “zalantzarik gabe” hartu dute euren aletxoa eskaintzeko ardura: Hurrengo larunbatean, hilaren 30ean, Hernanik eta Ampo Ordiziak jokatuko duten Errugbiko Ohorezko Mailako ligako hamargarren jardunaldiko
partida Seaskako ikastolen aldekoa izango da.
Atzo egin zuten prentsa agerraldia Gipuzkoako Ikastolen Etxean. Bertan bildu ziren
Paxkal Indo Seaskako lehendakaria,
Arantza Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria,
Kepa Korta Ordizia Rugby Elkarteko Lehendakaria eta
Joxe Elosegi Hernani Rugby Elkarteko lehendakaria. Hasiera batean Seaskaren aldeko partida Biarratzen egitekoa zen, baina bertan behera gelditu zen. Beste lagunarteko bat prestatu beharrean, Gipuzkoan garrantzitsuenetakoa den partida aprobetxatzea erabaki zuten. “Lanean jarri eta berehala iritsi ginen adostasunera”, azaldu zuen Elosegik. Kepa Kortak esan zuen, gainera, OREk bere filosofian barneratua duela gisa honetako laguntza ematea. Horregatik, joaneko nahiz itzulerako partidako sarrerekin lortutako dirua Seaskarentzat izango da.
Paxkal Indok laguntza eskertu eta azaldu zuen “bi errugbi taldeen erantzuna ezin ederragoa” izan dela: “Errugbiak indar handia du Iparraldean eta hortik ere laguntza etortzea oso polita da. Errugbizaleek badakigu zein garrantzitsua den elkartasuna eta espero dugu erantzun honekin sendotzen jarraituko dugula.
Sarrerek 10 euro balioko dute, abonatuentzat, 5. Era berea, eguna luzatu eta festa ukitua emateko asmoz bazkaria ere antolatuko dute partida ondorenerako.
Irtenbide baten bila. Asteak daramatza Ziburuko ikastolak Marinela gunean debekuen gainetik. Ziburuko alkateak hala eskatuta Pauko Administrazio auzitegiko epaileak irailaren 9az geroztik egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaintzera zigortu zuen ikastola. Baina Euskal Herri osotik jaso duten sostenguari esker, toki berean jarraitzen du ikastolak. Zigorra izanik ere gurasoen bertan segitzeko erabakia hartu zuten; alakteak ura eta argi indarra moztuko zietela mehatsu egin zien. Momentuz ez du halakorik egin. Argindarra sortzeko makina erosi dute, eta behar izanez gero ura ere erosten hasiko dira. Gastu guzti horiei aurre egiteko dirua biltzen ari dira. Euskal Herri osoari egin zioten dei laguntza emateko, Ziburuko ikastola bizirik mantentzeko kanpainan lagun dezaten, “bakoitzak ahal duen heinean”. Bitartean, ikastolarentzat eremu egokia aurkitzeko proposamenak eginak dituzte, baina momentuz ez dute erantzun baikorrik jaso.