Araozko haitzulora joango dira igandean Lazkaoko mendizaleak
Amalur mendi elkarteak eta San Benito ikastolak Oñatiko (Gipuzkoa) Araotz auzoan egingo dute igande honetako mendi buelta, egutegiko seigarrena. Araotz auzotik oinez abiatu, eta Aitzulo kobazuloan sartuko dira. Aurrerago, Orkatzategi tontorra (874 m) igoko dute. Ugastegitik bueltan, Araotzen bukatuko dute txangoa, ibilbide zirkularra osatuz. 10 kilometroko luzera du, 474 metroko desnibela, eta hiru ordu eta erdiko iraupena.
Joan nahi dutenek, ostirala baino lehen hots egin behar dute (657 72 21 31; amalur.me@gmail.com). Igandean, Itzala tabernaren paretik 08:30ean irtengo da autobusa, eta 14:00etarako itzuli dira. Haurrek 2 euro eta larriek 5 euro ordaindu behar dute garraioa.
Bestetik, aurreko igandean helduentzat bakarrik izan zen irteera. Arabako Kruzmendira igo, eta ondoren Aroa upategian bazkaldu zuten, Lizarraldean (Nafarroa). Hogei-bat lagun joan ziren.