![225382](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/11/225382.jpg)
Errealitatea eta fantasia abilezia handiz nahastu ditu
Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) haur literaturako bere azken lanean. Futbola beste edozerren gainetik jartzen dugun gizartean,
baloiaren obsesioari kritika egin dio idazle goierritarrak. Gaur goizean aurkeztu du Donostiako Elkar aretoan
Mundua baloi batean liburua.
Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra izan du lagun lan honetan, berak irudikatu baititu paperean Zubizarretaren pertsonaiak.
Maiatzean jaso zuen Zubizarretak
Mikel Zarate haur literatura saria Lezaman. Handik testua gainbegiratzeari ekin eta ilustratzaile bila hasi zirenean elkartu zen Elena Odriozolarekin. Lehenago ere askotan lan eginak dira elkarrekin. Hainbat hilabeteren bueltan itxura eta forma emanda kaleratu dute liburua, 10 urtetik gorakoei zuzendua. Haur literaturan sailkatua dagoen arren, haur literatura helduentzat ere badela dio Zubizarretak: “Haurren edo gaztetxoen aitzakian haur literatura irakurtzeak harritu egiten dira heldu asko bertan topatzen dutenarekin”.
Umeen futbol partida bateko pasadizo batetik abiatzen da Mundua baloi batean liburuan jasotako istorioa. Nikolas eta Kepa aurrez aurre daude. Nikolasek Kepari gola sartu nahi dio, besteak beste karramarro eta kakanarru deitzen diolako. Baina gol mundial hori sartu nahian, mutikoa atzeraka ibiltzen hasiko da, atzeraka, abiada egokia hartu ahal izateko. Eta, joan, joan, beti joan, atzera, atzera, beti atzera, Nikolasek oso bidaia luzea eta arriskutsua egingo du, ia barregarri geratzeraino… Eskerrak hiru lagun bitxi eta berezi ondoan izango dituen! Alabaina, geratuko al zaio indarrik, berak nahi duen bezalako txuta egiteko?