Erreforma horiek "herrien ukazioan eta genero eta klase zapalkuntzan" oinarrizten direla salatu nahi dute
Goierriko IAk deituta, LOMCEren kontra iaz Beasainen egindako elkarretaratzea.
Goierriko Ikasle Abertzaleak taldeak deituta,
LOMCE eta EU2015 hezkuntza erreformen aurkako mobilizazioak izango dira ostegunean. Batetik, geldialdiak egingo dituzte Goierriko ikastetxeetan; bestetik, manifestazioa ere egingo dute, Beasaindik Ordiziara arte. 12:30ean abiatuko da protesta, Arrano tabernaren paretik.
Ikasle Abertzaleek azaldu dutenez, kapitalismoak eta neoliberalismoak “gogor kolpatzen” ari dira gizartea, hainbat esparrutan. Hezkuntza da horietako bat, “ikasleria interes merkantilisten menpean” jartzen baitute, eta IAren ustez, elite ekonomiko eta politikoek “inposizioen aurrean borrokatzeko gai ez den ikasleria heztea dute helburu”. Testuinguru horretan kokatu dituzte LOMCE, EU2015 eta Heziberri hezkuntza erreformak. Aldaketa horiek, “herrien ukazioan eta genero eta klase zapalkuntzan” are gehiago sakontzea ekarriko dutela uste dute.
Manifestaziorako deia
Horren aurrean, “herritar euskaldun, aske, kritiko eta burujabeak heziko dituen eskola” aldarrikatzen du IAk. Hala, ostegun honetan, hilak 27, Leioan egingo den nazio mailako manifestazioari babesa erakutsi diote, eta hara joateko deia egin diete aukera duten ikaskideei. Hala ere, “Goierri bailarako errealitatea” kontuan izanda, eta askok Leioara joateko zailtasunak izango dituztela ikusita, Goierrin bertan manifestazio bat deitzea erabaki dute. Ostegun eguerdian izango da, 12:30ean, Beasain eta Ordizia artean. Ondorioz, ikastetxeetan ere etenaldiak deitu dituzte eguerdi parterako.