Ataunen historia agirietan eta karteletan erakutsi du Murkondo elkarteak
XIX. mende bukaeratik gaurdainoko agiriak jarri ditu erakusketan Ataungo Joxe Migel Barandiaran Murkondo Kultur Elkarteak. Herri Antzokiko atalondoan atondu dute bilduma aberatsa: kartelak, afixak, aldizkariak, agiriak, eranskailuak eta prentsa-mozketak daude. Gehienek Ataunen dute subjektu; politika orokorrekoek, Euskal Herriko hainbat ekitaldi, garai edo aldarrikapen islatzen dituzte.
Murkondo elkarteko kideek urtetan bildutako funtsak dira. Joxe Migel Barandiarani atal bat eskaini diote, haren bizitzako zertzeladak, artikuluak eta agerkariak bilduta. Joxe Martin Apalategi ikertzaile ataundarrari buruzko informazioa badago.
Bestetik, herrian argitaratutako agerkariak ere ikus daitezke. Zinemari eskainitako txokoan, Ataungo zinema-areto zaharreko proiektoreaz gain, Ataungo Zine Elkarteak atera zituen 13 programazio-liburuxka daude, edo San Gregorioko zinema-aretoko butaken zenbaki-txapatxoak. Euskal musika, kazetaritza eta politikako harribitxiak ere badira: klandestinitateko erakundeen agiriak, Benito Lertxundiren EP neurrikoa lehenengo diskoa, Egin egunkariaren proiektua hasteko 1977ko partaidetza-txartelak…
Erakusketa igandera arte egongo da. Gaur (osteguna), bihar eta larunbatean 18:30etik 20:30era zabalduko dute; igandean, 10:00etatik 13:00etara. Herritarrei dokumentu zaharrak nahiz berriaz (gaur egun sortzen diren kartelak, programak, agiriak, aldizkariak…) jasotzeko kontzientzia piztea lortu nahi dute Murkondo elkarteko antolatzaileek.