Ordiziarren kezkak eta arazoak jaso nahi dituzte; horretarako, Altamiran, Otegi-enean, Buztuntzan, Filipinetan, Urdaneta/Eskarabillan eta erdigunean elkartuko dira auzotarrekin.
Ordiziako bizilagunei entzuteko eta “eguneroko benetako argazkia egiteko” auzotarrekin bilduko da Ordiziako Eusko Alderdi Jeltzalea. Horretarako, sei hitzordu jasotzen dituen egitaraua prestatu dute datozen lau asteetarako, gaur bertan emango diote hasiera Altamira auzoan.
EAJren alkategai Jose Migel Santamariak azaldutakoaren arabera “udal kudeaketaren helburua ordiziarren egunerokotasuna hobetzea” izan behar da. Beraz, ahalik eta “erantzunik egokienak” ematen saiatzeko auzo bakoitzeko lehentasunak zehaztea oinarrizko jo dute, “bai hirigintzan, irisgarritasun gaietan, segurtasunari dagokionean, garbitasuna, hiri altzarien mantenua, argiztapena, zaratak edota gizarte, kultur eta kirol azpiegituretan nabaritzen dituzten gabezietan”.
Santamariak azpimarratzen duenez Ordizia Elkarrekin egitasmoak “modu ordenatuan eta eraginkorrean” jaso nahi ditu herritarren ekarpenak.
EAJren egitasmoa aurrera eramateko osatutako taldea, beraz, ondoko egunetan bilduko da auzo bakoitzean. Ordutegia 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara izango da.
- Gaur, ostirala: Altamiran
- Abenduaren 2an, asteartea: Otegi-enean.
- Abenduaren 9an, asteartea: Buztuntzan.
- Abenduaren 11n, osteguna: Filipineta kalean.
- Abenduaren 15ean, astelehena: Urdaneta-Eskarabillako bizilagunekin.
- Abenduaren 17an, asteazkena: erdigunean.