Boluntarioak iaz, Zumarragan, Elikagai Bankurako bilketan
Beharrik handiena dutenei laguntzeko jakiak eta edariak bilduko ditu Elikagai Bankuak egunotan. Gipuzkoan 69 bilketa puntu jarriko dituzte; horietatik 8 Goierrin. Premia handieneko elikagaiak esnea, aurrez prestatutako lekariak eta arrain kontserbak (atuna, sardinak…) dira. Alkoholik eta usteltzen den jakirik ez dute jasoko. Elikagai Bankuak, gipuzkoar guztiei egin die beraien aletxoa jartzeko deia. Gaur eta bihar egingo dute bilketa hori.
‘Bilketa handia’ izenarekin bataiatu dute egunotako kanpaina berezia. Iaz egin zuten aurrenekoz, eta 350.000 kilo jaki biltzea lortu zuten. Urte osoan berriz, 1.741.000 kilo bildu ziren, oinarrizko laguntza behar duten 22.000 lagunen artean banatzeko. Laguntza hori behar duen jendearen kopurua, bikoiztu egin da krisi ekonomikoa hasi zenetik.
Eroski, Dia, Carrefour, Lidl eta BM bezalako saltokiek eta supermerkatuek bat egin dute kanpainarekin. Jakiak biltzen, berriz, 1.400 boluntario ariko dira, horietatik 160 inguru, Goierrin.
Goierrin dauden bilketa puntuak:
- Beasain. Eroski saltokia.
- Legazpi. Dia saltokia.
- Olaberria. Lidl supermekatua.
- Olaberria. Carrefour supermerkatua.
- Ordizia. Eroski supermerkatua.
- Urretxu. BM Urola saltokia.
- Urretxu. Eroski saltokia.
- Zumarraga. Eroski saltokia.