Gerra ostera bidaia
Segurar talde bat ‘Ez dira aspaldiko kontuak’ herri antzerkia prestatzen ari da. Lourdes Imazen ideia izan da eta bera arduratu da antolatzeaz. Abenduaren 13an egingo dute emanaldia Segurako Baratze pilotalekuan, 19:30ean. Sekretuan eraman dute sekretua. Zerbaitetan ari zirela bai, baina ezer segururik ez zekien inork. «Txispa galduko luke aurrez denei kontatuz gero eta!» dio Lourdes Imazek (Segura, 1952). Baina, egun handirako egun gutxi falta diren honetan, emanaldiaren nondik norako batzuk kontatzera ausartu dira. 36ko gerra osteko egoerak eta ikastolen sorrera irudikatuko dituzte hainbat segurarrek eta Ikastolen sorrerarekin erlazio estua izan duten beste herri batzuetako hainbat lagunek antzerki bidez, orduan egin zirenak jendeak ezagutu edota gogoratu ditzan. Guztira, 32 lagun arituko dira antzezle lanetan. 2006 urtean, Segura fundatu zenaren 750. urteurrenerako antzerki bat prestatu zuen segurar talde batek. Talde berak, Erdi Aroko Festa sustatzeko antzerkitxo bat antolatu zuen gero, eta talde hartako batzuk izango dira antzerki horretako aktoreak. Ideia, aspaldikoa Eta antzerki bat sortzeko, ideia bat behar da; gidoi bat. Ideia aspaldi zerabilkien Imazek buruan bueltaka: «Antzerki historiko bat egitea ibili izan dut beti buruan. 36ko gerraren ondoren guk bizitakoak kontatu nahi izan ditut». Gerra garaitik gaur egunera eman diren aldaketa «izugarriak» dira Imazek antzezlan horren bidez ezagutarazi nahi izan dituenak. Behin [...]
Segurar talde bat ‘Ez dira aspaldiko kontuak’ herri antzerkia prestatzen ari da. Lourdes Imazen ideia izan da eta bera arduratu da antolatzeaz. Abenduaren 13an egingo dute emanaldia Segurako Baratze pilotalekuan, 19:30ean.
Sekretuan eraman dute sekretua. Zerbaitetan ari zirela bai, baina ezer segururik ez zekien inork. «Txispa galduko luke aurrez denei kontatuz gero eta!» dio Lourdes Imazek (Segura, 1952). Baina, egun handirako egun gutxi falta diren honetan, emanaldiaren nondik norako batzuk kontatzera ausartu dira.
36ko gerra osteko egoerak eta ikastolen sorrera irudikatuko dituzte hainbat segurarrek eta Ikastolen sorrerarekin erlazio estua izan duten beste herri batzuetako hainbat lagunek antzerki bidez, orduan egin zirenak jendeak ezagutu edota gogoratu ditzan. Guztira, 32 lagun arituko dira antzezle lanetan.
2006 urtean, Segura fundatu zenaren 750. urteurrenerako antzerki bat prestatu zuen segurar talde batek. Talde berak, Erdi Aroko Festa sustatzeko antzerkitxo bat antolatu zuen gero, eta talde hartako batzuk izango dira antzerki horretako aktoreak.
Ideia, aspaldikoa
Eta antzerki bat sortzeko, ideia bat behar da; gidoi bat. Ideia aspaldi zerabilkien Imazek buruan bueltaka: «Antzerki historiko bat egitea ibili izan dut beti buruan. 36ko gerraren ondoren guk bizitakoak kontatu nahi izan ditut». Gerra garaitik gaur egunera eman diren aldaketa «izugarriak» dira Imazek antzezlan horren bidez ezagutarazi nahi izan dituenak.
Behin ideia bazuenez eta aurrejubilazioarekin denbora pixka baten jabe ere bazenez, gidoia idazteari ekin zion. Bide honetan lagun izan ditu Xabier Mendiguren eta bere alaba Garazi Goia idazleak, Lourdesek egindakoa gainbegiratzen. Lukas Dorronsororekin ere ikasia da antzerkigintzaren artea segurarra eta eskolan ere antzerkia emandakoa da ikasleei.
Antzerkia zazpi pasartetan banatzen da eta esan liteke beldurra dela pasarteak lotzen dituen sentimendua: «Euskal Herrian 5.500 hildako inguru egon ziren, eta hori beldurtzeko egiten zuten», dio Imazek: «Gizartea erabat beldurtuta zegoen, eta Ikastolen sorrera ere markatu zuen». Horrexek, ikastolaren sorrerak, paper garrantzitsua du antzerkian. Gerra osteko apaizen eta mojen irakaskuntza elizkoietik Ikastolen sorrerara bizitakoa eta gizartearen egoera soziala islatuko da.
«Gure historia» kontatzeko bide bat ere bada nolabait obra hori. «Irakatsi diguten historia beti irabazleen historia izan da. Bestalde, hor dago gurasoen historia ere: aitaren gerra garaiko kontuak, aldameneko baserrian ilea soildu zioten emakumearen kontuak…».
«Gizartea erabat beldurtuta zegoen eta
Ikastolen sorrera ere markatu zuen»
Lourdes Imaz (Zuzendaria)
Antzezleak, primerakoak: «Ez gara profesionalak, baina aurrez zertxobait egindakoak gara», dio Gurutz Goikoetxeak (Segura, 1965) obrako antzezleetako batek. Gainera, Lukas Dorronsoro ataunarra ere etorri izan da entseguak ikustera.
Botikaxahar kulturgunean egiten dituzte entseguak normalean, baina, emanaldia pilotalekuan egingo dutenez, bertan entseatzen ari dira azken asteetan, antzeztokiaren neurrira egokitzen joateko. Gidoia ere, egokitzen ari dira, antzezleen beharretara ahalik eta egokien eta errazen moldatuz. Imazen gidaritzapean aritzen dira entseatzen, taularatuko dituzten elementuak erabiliz. Entseatzen ari direnak oholtzan eta gainerakoak atzean, aulkietan eserita, euren txandaren zain, gainerako kideen antzezpena ikusten dute.
Ikastolan bizitakoak
Ordu eta erdiko iraupena izango du emanaldiak, eta amaieran Ikastolen sorreran Imazek bere azalean bizitakoa azalduko du: «Goierri mailan koordinadora bat zegoen. Bertan herri bakoitzeko bana elkartzen ziren, klandestinitatean, Franco artean bizi baitzen. Gurasoek euren seme-alabentzat beste hezkuntza bat nahi zuten; hezkuntza hobea. Bada, guraso horiek eta garai hartako irakasleek pasatakoa kontatzen da amaieran».
Eta garai hartan halako egoerak edo antzerakoak pasatakoak izango dira antzezle batzuk. «Errealismo ukitu bat emate aldera», garai hartako jendea, Ikastolen sorrera eta trantsizio hura bizi izan zutenetako heldu batzuk ere izango dira tartean. «Heldu hauek eredugarri aritu dira lanean: alde batetik, izugarri sartu dira euren paperarekin. Denbora ere beraiek dute gehien», dio barrez Goikoetxeak.
Argi eta soinu lanak garrantzitsuak izaten dira horrelako emanaldietan. Gastu horiei aurre egiten lagundu dute Segurako Udalak eta Ampo kooperatibak, baina, beste gastu batzuei aurre egiteko bi euroko sarrera sinbolikoa ordaindu beharko da.
Datorren larunbatean, abenduaren 13an, 19:30ean Segurako Baratze pilotalekuan Ez dira aspaldiko kontuak herri antzerkia ikustera gonbidatzea besterik ez da gelditzen orain. Antzerkia Seguran ondo aterako balitz, beste herri batzuetan ere egiteko asmoa dute gero. Antzerkiaren entseguetako bideoa goiberri.hitza.eus webgunean dago ikusgai.