Ezkio-Itsasoren desanexio prozesua aurrera doa: udalak aldundiaren esku jarri ditu txosten juridikoa eta ekonomikoa, eta datozen hauteskundeak baino lehen herri kontsulta egitea lortu nahi dute.
Orain urtebete herritarren parte hartze prozesua hasi zuen Ezkio-Itsasoko Udalak, herritarren nahien berri izateko, eta etorkizunean nolako herria izan nahi zuten jakiteko. Parte hartze prozesu hartan bi eskari nagusi adierazi zituzten herritarrek. Ezkio-Itsaso berrindartzea izan zen bat, herrira bizitzera joandako bizilagunen integrazioa bultzatuz, esaterako. Beste eskari nagusia, berriz, Itsasok udalerri izaera berreskuratzeko aukera aztertzea izan zen.
«Bi eskariak kontraesankorrak izan daitezke, baina egia da Itsason beti egon dela udalerri izaera berreskuratzeko nahia», adierazi du Garikoitz Aiesta alkateak. Hala, herritarren nahia kontuan hartu eta prozesua martxan jarri zuen udalak, Itsaso BHerria Talde Eragilearekin batera.
Txosten juridikoa egitea izan zen lehen pausoa, Itsasok Ezkiotik banatzeko aukera legalik izango lukeen aztertzeko. «2003ko arau foralaren arabera, udalerri bat bereiztean, sortzen den udalerri bakoitzak 2.500 biztanle izan behar ditu, gutxienez», adierazi du Aiestak. Ez Ezkiok eta ez Itsasok ez dute baldintza hori betetzen, baina foru arauak badu salbuespen bat: Frankoren garaian elkartutako udalerriei ez zaie baldintza hori eskatzen. Eta horixe da Ezkio eta Itsasoren egoera.
Desanexiorako aukera legalak bazirela ikusita, bigarren pausoari heldu zion udalak: bideragarritasun ekonomikoaren txostena. Siadeco enpresak egin du, eta ondorioak aldekoak dira. «Sortuko liratekeen bi udalerriak ekonomikoki bideragarriak izango liratekela ondorioztatzen du txostenak, eta, gainera, Itsasoren desanexioak ez liokeela Ezkiori kalte ekonomikorik eragingo», esan du Aiestak.
Bideragarritasun txostenaren arabera, bi udalerriak ekonomikoki autonomoak izan arren, komenigarria izango litzateke zerbitzu jakin batzuk elkarbanatzea. Proposatutako zerbitzuen artean daude agoazila, idazkari kontuhartzailea, mediku etxea edota haur eskola.
Desanexio prozesua hasi ahal izateko beharrezkoak dira txosten juridikoa eta ekonomikoa. Ezkio-Itsasoko Udalak, hala ere, pauso bat gehiago eman nahi izan du, eta ondarearen banaketa txostena egiteko agindu dio Siadeco enpresari. «Desanexioaren ondoren udalerri bakoitza zein egoeratan geratuko litzatekeen, bakoitzari zein ondare geratuko litzaiokeen eta bakoitzak zer zerbitzu eskainiko lituzkeen adieraziko du txosten horrek», esan du Aiestak. Abendu bukaerarako txostena esku artean izatea espero du udalak.
Herri kontsultarako nahia
Hirugarren txostena ere esku artean dutenean, herri kontsulta egin nahi du udalak, herritarrak desanexioaren alde ala kontra dauden jakiteko. Prozesu hori, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean burutu nahi dute. Udala, dagoeneko, harremanetan dago aldundiarekin. «Txosten juridikoa eta ekonomikoa Aldundiaren eskuetan jarri ditugu». Nahi izanez gero, herritarrek ere kontsulta ditzakete bi txosten horiek, udalaren webgunean.
Aldundiak argi berdea eman bezain pronto, hortaz, herri kontsulta martxan jartzeko prozesua abiatu nahi du udalak. Posible bada, datozen udal hauteskundeen aurretik egin nahi dute herri kontsulta. «Herritarrak desanexioaren alde badaude, hurrengo legegintzaldia dagoeneko bi udalerritan banatuta egitea izango litzateke idealena», esan du Aiestak.
Frankismoan elkartuak
Ezkio eta Itsaso 1964an elkartu zituzten, Frankismo garaian, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak hala aginduta. Gaur egun Gipuzkoan beste herri bat baino ez dago egoera berean: Bidania-Goiatz. Aiestak ulertzen du Itsasoren desanexio nahia: «Aurrera eraman diren herri politiken ondorioz, udalerriko zerbitzu guztiak Ezkioko lurretan jarri dira, eta horrek zerbitzuak Itsasotik urrutiratzea eragin du». Udalak eman ditu eman beharreko pausoak, eta, orain, aldundiaren esku dago nahi hori gauzatzea. Pausoka-pausoka, Itsaso aurrera doa udalerri izaera berreskuratzeko bidean.