«Lehen erleak ukitu ez, eta abaraska guztia bete arte lanean uzten genituen»
Erleak betidanik ibili dira Felix Urzelairen (Urretxu, 1932) inguruan. Haurra zelarik Legazpi eta Urretxu arteko Azkuenea baserrian erlauntzak zituen bere amak jada. Amari lekukoa hartu zion eta erlezaina izan da urtetan, baita ezti egilea ere. Santa Lutzi feria ate joka dagoen honetan, bere eztia onena dela ebatzi du behin azokako epaimahaiak, eta bitan bigarren saria jaso du. Tailerreko lanak uzten zion denboran aritzen zen erleekin. Azkuenea baserriko errepidearen beste aldean dagoen lur saila erosi zenutenean hasi zinen erlauntzekin lanean, ezta? Bai. Umea nintzela erleak inguruan izan nituen beti. Ez nituen, ordea, neuk zaintzen. Gizon bat etortzen zen aldiro, eta erleak ondo zeudela esaten zigun arren, ez genuen eztirik ateratzen. Gero, amaren anaia zaharrenari egokitu zitzaion Azkuenea baserria maiorazkoagatik. Bi urteko epean handik atera beharrean egon ginen eta pareko saila erosi genuen. Erlauntzak jarri genituen han ere eta eztia ateratzen hasi ginen. Nola gogoratzen duzu eztia ateratzen hasi zinetenekoa? Ez zen lan erraza. Eztia husteko gailurik ez genuen. Horrenbestez, nik neuk 200 kilo jasotzeko ontzi bat asmatu nuen. Gailuari esker, abaraska guztiak goitik behera garbitu ahal genituen eta eztia garbi-garbi ateratzen zen gailuak zuen motor bati esker. Aurretik zailagoa zen, abaraskak banan-banan hustu behar genituen eskuz. Puskatu egiten zitzaizkigun eta argizaria [...]
Erleak betidanik ibili dira Felix Urzelairen (Urretxu, 1932) inguruan. Haurra zelarik Legazpi eta Urretxu arteko Azkuenea baserrian erlauntzak zituen bere amak jada. Amari lekukoa hartu zion eta erlezaina izan da urtetan, baita ezti egilea ere. Santa Lutzi feria ate joka dagoen honetan, bere eztia onena dela ebatzi du behin azokako epaimahaiak, eta bitan bigarren saria jaso du. Tailerreko lanak uzten zion denboran aritzen zen erleekin.
Azkuenea baserriko errepidearen beste aldean dagoen lur saila erosi zenutenean hasi zinen erlauntzekin lanean, ezta?
Bai. Umea nintzela erleak inguruan izan nituen beti. Ez nituen, ordea, neuk zaintzen. Gizon bat etortzen zen aldiro, eta erleak ondo zeudela esaten zigun arren, ez genuen eztirik ateratzen. Gero, amaren anaia zaharrenari egokitu zitzaion Azkuenea baserria maiorazkoagatik. Bi urteko epean handik atera beharrean egon ginen eta pareko saila erosi genuen. Erlauntzak jarri genituen han ere eta eztia ateratzen hasi ginen.
Nola gogoratzen duzu eztia ateratzen hasi zinetenekoa?
Ez zen lan erraza. Eztia husteko gailurik ez genuen. Horrenbestez, nik neuk 200 kilo jasotzeko ontzi bat asmatu nuen. Gailuari esker, abaraska guztiak goitik behera garbitu ahal genituen eta eztia garbi-garbi ateratzen zen gailuak zuen motor bati esker. Aurretik zailagoa zen, abaraskak banan-banan hustu behar genituen eskuz. Puskatu egiten zitzaizkigun eta argizaria urtu egiten zen, hasierako figurak desitxuratu egiten ziren eta erleak zerotik hasi behar ziren kasik berriro lanean.
Eztia behin ala bitan ateratzen zenuen?
Garai hartan behin ateratzen nuen, urri partean. Ezti lodia eta iluna zen, hura izaten zen eztirik onena, oso berezia.
Zer da erleetara horren estu lotu zaituena?
Erleak ikustea gustatu izan zait beti. Erlauntza non kokatuta dagoen oso inportantea da, gureak eguzkitan egon dira beti. Akazia lekuetara joaten dira eta gerora mendiko paraje horiek ezagutu ditut. Apirila partean akaziatan eta negu aldera mendi aldera egiten dute txilar bila. Akazia eztia argiagoa da eta neguaren atarian egiten dutena ilunagoa.
Erleek euren komunitatea antolatzeko modua ere interesgarria da, ezta?
Bai, euren arteko harremanak eta solasaldiak ikusten dira.
Santa Lutzi feria egingo dute datorren astean. Sari bat baino gehiago jaso duzu.
Bai. Ni orain ez naiz erleekin ibiltzen. Eztia eginda ekartzen didate nire erlauntzetatik. Orain ezti meheagoa da, gure garaian abaraska itxita geratzen zen erleen lanaren ondoren eta eztia lodiagoa eta aberatsagoa zen.
Zuen amaren garaian nola janzten zineten erleekin aritzeko?
Kapela janzten genuen beti, eta kapelari estaltzeko sarea gehitzen genion. Sareak, halere, askotan zulotxoak zituen eta erleek ziztatzen gintuzten. Eskularruak ere ipintzen genituen. Gerora, alderik alde estaltzen gintuen jantzia janzten genuen eta, erleak lasaitzeko, hala lehen nola orain kearen laguntza izaten genuen.
Erleekin aritu zaren urte hauetan guztietan klima aldaketarik nabaritu al duzu?
Zalantzarik gabe, aldaketa ikaragarria sumatu dut. Neguak ez dira garai batean bezain hotzak, elur gutxi egiten du. Lehen, askotan, abaraskak estali egin behar genituen hotzetik babesteko. Egia da lora gehiago dagoela eta erleek erraztasun gehiago dutela, baina udaberria ere nahikoa aldrebestu da. Litekeena da honezkero erleak ohituta egotea. Tenperatura epelagoek, dena dela, inoiz gurean egon ez diren liztor espezieak erakarri dituzte, baita bestelako gaixotasunak ere, eta sekulako kalteak eragiten dituzte.
Zein da erleek eman dizuten pozik handiena?
Iraila aldean abaraska guztiak bete-beteta ikustea zoragarria da. Lehen erleak ukitu ere ez genituen egiten eta lanean uzten genituen abaraska guztia bete arte. Orain lehenago zirikatzen ditugu eztia lehenbailehen jasotzeko.
Eta atsekaberik handiena?
Liztor asiarra agertu izana. Erlauntzekin laguntzen didan laguna erratzarekin ibiltzen da haiek uxatzen, baina ez da lan erraza. Tranpak jarri dizkiegun arren, eltxoak eta euliak erortzen dira eta liztor asiarrak onik ateratzen dira; azkarrak dira gero.
Zure eztia aurkeztuko al duzu Santa Lutzi ferian?
Bai, urtero eramaten dut eta aurten ere bai.