Hitzen artisaua
Han eta hemen, lan berriak eskuetan, azken aldian sarritan entzuten dugun izena da Patxi Zubizarretarena. 50 eta Mundua baloi batean lanak argitaratu berri ditu; Uda minean negua dokumentalaren gidoilari lanetan ere aritu da. Euskal Filologia ikasketak bertan amaitu zituenetik, Gasteizen bizi da Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964). Hala ere, lotura estua mantentzen du Goierrirekin. Sortzaile emankorra da goierritarra, etengabe proposamen berriak oparitzen dituena. Haur eta gazte literaturan oparoa, helduentzako nobelan ere harribitxi politak uzten ari da. Itzulpengintzan jardundakoa da, batez ere mundu arabiarreko lanak euskaratzen. Euskal idazleak «durangitisak» harrapatzen dituen honetan, bere azken lanaren aurkezpenean tartea egin dio GoiBerri aldizkariari. Dagoeneko bi hamarkadatik gora daramatza idazten Patxi Zubizarretak; 1993an Bapore saria eskuratu eta literatura ogibide egiteko hautua egin zuen. Geroago etorri ziren Lizardi, Euskadi Saria, Mikel Zarate… baina, irabazi ez dituenak askoz gehiago direla nabarmentzen du berak. Bolada luzearen ondorengo uzta jasotzen ari da aurten ; hilabetetako ezkutuko ahaleginaren ordaina, bere lana argia ikusten ari delako. Joan zen astean bertan aurkeztu zuen Donostiako Elkar Aretoan Mundua baloi batean (Elkar, 2014) azken haur literatura lana, maiatzean eskuratu zuen Mikel Zarate literatur sariari esker argitaratu duena. Duela aste gutxi, bestalde, helduentzako 50 (Txalaparta, 2014) eleberria aurkeztu zuen «hiru artista patetiko, peripatetiko eta apatiko» [...]
Han eta hemen, lan berriak eskuetan, azken aldian sarritan entzuten dugun izena da Patxi Zubizarretarena. 50 eta Mundua baloi batean lanak argitaratu berri ditu; Uda minean negua dokumentalaren gidoilari lanetan ere aritu da.
Euskal Filologia ikasketak bertan amaitu zituenetik, Gasteizen bizi da Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964). Hala ere, lotura estua mantentzen du Goierrirekin. Sortzaile emankorra da goierritarra, etengabe proposamen berriak oparitzen dituena. Haur eta gazte literaturan oparoa, helduentzako nobelan ere harribitxi politak uzten ari da. Itzulpengintzan jardundakoa da, batez ere mundu arabiarreko lanak euskaratzen. Euskal idazleak «durangitisak» harrapatzen dituen honetan, bere azken lanaren aurkezpenean tartea egin dio GoiBerri aldizkariari.
Dagoeneko bi hamarkadatik gora daramatza idazten Patxi Zubizarretak; 1993an Bapore saria eskuratu eta literatura ogibide egiteko hautua egin zuen. Geroago etorri ziren Lizardi, Euskadi Saria, Mikel Zarate… baina, irabazi ez dituenak askoz gehiago direla nabarmentzen du berak.
Bolada luzearen ondorengo uzta jasotzen ari da aurten ; hilabetetako ezkutuko ahaleginaren ordaina, bere lana argia ikusten ari delako. Joan zen astean bertan aurkeztu zuen Donostiako Elkar Aretoan Mundua baloi batean (Elkar, 2014) azken haur literatura lana, maiatzean eskuratu zuen Mikel Zarate literatur sariari esker argitaratu duena. Duela aste gutxi, bestalde, helduentzako 50 (Txalaparta, 2014) eleberria aurkeztu zuen «hiru artista patetiko, peripatetiko eta apatiko» protagonista dituena.
Bere luma txikia dela dio, baina istorio txikiak zein handiak berdin-berdin idazten dituela. Hain justu ere, haur eta gazte literatura nahiz helduentzako nobela, biak tartekatzen ditu ordiziarrak. Bakoitzari eskaintzen dion denboran alde handia dagoen arren, exijentzia maila beti jartzen du gorenean. «Nobela bat idazteak urtebeteko lana eskatu dezake, ebakuntza bat egitea bezala da. Gazteentzako azken lan honetan, berriz, hiru bat hilabete eman ditut, katarro txiki bat da zerbait beroa edo goxoa hartu eta sendatzen dena».
«Nobela batek urtebeteko lana eska
dezake, ebakuntza bat egitea bezala da»«Durangoko Azoka jai erraldoien parekoa
da, gehiegikeriak ikusten dira»«36an eta ondoren gertatuak argitara atera
behar ditugu, duintasuna itzuli behar diegu»
Patxi Zubizarreta (Idazlea)
Lumaz paperean
Buruan duen hori paperera eramaten gozatzen duela dio berak, istorioa idazten. Eta eskuz idazten du dena. Gazteenak harritu egiten ditu horrek. Zubizarreta artisau lanean aritzen da, hitzen artisaua da. «Zer uste zenuen ba zela enamoratzea, sillan eseri eta gitarra jotzea? zioen kanta zaharrak. Liburua idaztea ere ez da eseri eta berehalakoan irtetzen dena», dio. Behin eskuzkoa ordenagailuz idatzi eta hura 15 edo 20 aldiz errepasatzea, hori bai gogorra egiten zaiola.
Urrian aurkeztu zuen 50 eleberrian, 50ak beteta adin horretakoen esperientzien hausnarketa jaso du. «Francoren heriotza ezagutu genuen, baina aldaketarik ez zen izan orduan, tunela luzatu besterik. Garai hartakook esperientzia antzekoak izan ditzakegu, identifikatuta senti daiteke irakurlea. Hunkitu nauten liburu eta kantuen zerrenda ere jaso dut. Eskaintza sentimentala da».
Mintxo Cemillanen ilustrazioek dotore apaindu dute eleberria. Eta Baso bat opari diskoa ere badakar liburuak; Joserra Senperenak, Maddi Oihenartek, Antton Valverdek, Rafael Berriok eta Oihane Igerabidek grabatua. Ez da lehen aldia Zubizarretak musika eta literatura uztartzeko ahalegina egiten duena.
Jostailua da, bestalde, Mundua ipuin batean lana. Gazteenei ez die irakaspenik eman nahi izaten Zubizarretak, baina bai zer pentsatua. Gazteei eta beraien aitzakian bere lana irakurtzen duten helduei ere bai. Heroiek ez dute lekurik bere lanetan. Ahulak, obsesioak dituztenak, zalantzak dituztenak… biltzen ditu berak. Futbolari kritika sakona egin dio kontakizun honetan, edozerren gainetik lehentasuna ematen diogulako.
Durangoko mozkorraldia
Literatura izan daiteke futbolaren itzalean gelditzen denetakoa. Kezkatzen du idazlea bereziki euskal literaturaren egoerak: «Denetariko lanak daude, eta kalitate onekoak, baina dirudienez ez dugu kultur eskaintza behar bezala egiten».
Kontrakoa erakusten du Durangoko Disko eta Liburu Azokak. «Jai erraldoien parekoa da Durango, Kilometroak edo Nafarroa Oinez bezala, gehiegikeriak ikusten dira. Euskarazko literatura edo musika eskaintza arraroak ikusten dira, eta salduenen zerrendek ere harritzen naute askotan», dio Zubizarretak. Sorkuntza ekoizpenean egutegia finkatzen du Durangok. «Mozkorraldi moduko bat sortzen du, eta ondoren basamortua etorriko da».
Duintasuna eskainiz
Hiru gutun Iruñeatik (Pamiela, 2012) eleberrian 1936ko gerraren testuingurura egin zuen jauzi Patxi Zubizarretak. Ideologikoki aldenduz joan eta ustekabean topo egingo duten Ordiziako bi lagun-minen istorioa kontatzen du. Gazteleraz kaleratu berri du eleberria.
36ko gerra eta ondorengo gertakariak iluntasunetik eguzkitara ateratzen, elkarlanean aritu da Zubizarreta Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Taldearekin. Abenduaren 13an aurkeztuko dute Uda minean negua dokumentala; gidoilari lanak egin ditu Zubizarretak. Gertatua kontatzeaz gain, biktimei duintasuna itzultzea funtsezko ikusten du. Ikusentzunezkoa «hunkigarria» izango dela ziurtatu du.