Garagunekoek Legazpiko udaletxeko balkoia apaindu dute
Legazpiko Garagunekoek udaletxeko balkoia apaindu dute Gabonetarako. Plastikozko botilekin lore gorriak eta berdeak egin dituzte. Apaingarriak gaur aurkeztu dituzte. Ekitaldian Igor Urrate zinegotziak eta Garaguneko lagunek parte hartu dute. Urratek inauterietan ere balkoia apaindu zutela gogoratu du. “Inauterietan ere plastikozko botilak erabili zituzten. Balkoia oso polita gelditu zen”. Ondoren, Maribel Zurdo Garaguneko kideak apaingarriak nola egin dituzten azaldu du. “Arazi enpresakoak etorri dira irakastera eta guztiok parte hartu dugu. Herriko tabernek emandako botilak erabili ditugu: lehenengo margotu egin ditugu, ondoren lehortzen utzi eta azkenik moztu”. Leire Hernandez hezitzaileak herriari laguntzeko modu bat dela aipatu du eta udalari eta Arazikoei eskerrak eman dizkie.