Atzo goizean egin zuten 2014an kirol munduan nabarmendu direnak omentzeko ekitaldia.

Maider Gaztañaga Ikerne Badiola diputatuaren eskutik oroigarria jasotzen.
Atzo egin zuten Orona Fundazioaren egoitzan Gipuzkoako Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Kirolak sariketaren ekitaldi nagusia. Bertan izan ziren sari hori jasotzeko izendatutako 30 izengaiak. Guztien kirol merezimendua goraipatzeaz gain, zenbait kirolariri omenaldia egin zieten. Tartean ziren Maider Gaztañaga triatloilari ordiziarra eta Igor Larrea plater tiratzaile legorretarra. Sari nagusia, Bera Bera eskubaloi taldeak jaso zuen aurten berriro lortu baitu Liga, Kopa eta Superkopa.
Triatloi probetan punta puntan ibili da
Maider Gaztañaga aurtengo denboraldian. Hala, Bilbao Triathloneko txapeldun izan da; Zarauzko Triathloieko txapeldunorde eta Euskadiko txapelduna distantzia olinpikoan; Donostiako Nazioarteko Triatloia-Memorial Onditz proban hirugarren postuan sailkatu zen. Reinosan berriz, Neguko Triatloieko Espainiako txapeldun titulua lortu zuen.
Igor Larrea legorretarrari dagokionez, txapeldun izan da Gipuzkoako Compak Sporting Txapelketan, Euskadiko Compak Sporting Txapelketak eta Espainiako XVII. Compak Sporting Txapelketan.
Hainbat goierritar izendatuen artean
Gipuzkoa Kirolak sariketarako hainbat goierritar izan dira izendatuen artean. Xabier Gorospe aramarra, esate baterako, Espainiako Nazioarteko Irekiko txapelduna izan dena, 18 urtez azpikoetan. Xepeiño Agirre segurarra ere bai, azken hamarkadetan izan den txapeldunik handienetakoa. Espainia, Euskal Herria eta Gipuzkoa mailan txapelketa guztiak irabazi ditu. Gaur egin hiru bolatokiren mantenuaz arduartzen da Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatzen dituen txapelketetan. Izendatua izan da Aritz Egea urretxuarra ere, Mendiko Lasterketetako Munduko Kopan laugarren izan dena.